Kimikoei beldurra, diozu. Zehaztu dezakezu, mesedez?
Kimiofobiaren gaia aukeratu nuen hitzaldirako nire kontsultategian gero eta gehiago hartzen dudalako "menu osasungarri bat" egiteko eskatzen didan jendea, "kimikorik gabeko menu bat". Gero eta beldur handiagoa sumatzen dut askorengan horren kontura, bai nire lanean bai kalean oro har, baina berez dena da kimika, gu geu ere bai, ez da zientzia-ikasketarik eduki behar urak bi atomo hidrogeno eta atomo bat oxigeno duela jakiteko. beraz, lasaitasun apur bat eman nahi diot jendeari, kimikoa dena berez txarra ez dela esanez.
Dena ona ere ez da, ordea.
Noski. Zaindu behar duguna produktu kimiko sintetikoak dira, gehigarriak, janaria politagoa eta distiratsuagoa izateko erabiltzen dena, edota zaporea areagotzeko edo luzeago irauteko. Gero eta gehiago eskatzen da sasoiz kanpoko janaria, baina halakorik izateko produktu sintetikoak erabili beharra dago; hori da artifiziala dena, neguan tomateak izatea. Beraz, nik esaten dudana da "kimikoei beldurra ez, baina jakin ezazu zeintzuk diren gehigarri sintetiko horiek".
Eta erraza da jakitea? Bestela esanda, ondo dakigu zer jaten dugun?
Informazio asko dugu baina ez dakigu nola erabili. Eta marketina faktore garrantzitsua da. Ez dakit zerez aberastutako esnea, ez dakit nola indartutako ogia... Tira, ogia ogia da. Zereala, ura eta gatza. Nik kontsultategian esan ohi dut gure aitita-amamen garaira bueltatzeko. Ni suertea eduki dut eta amamak baratzea eduki duela etxean, eta aitak txalupa portuan, eta udan aspertu arte jan ditut txitxarroak, tomateak, lekak... Bai, nekatu egiten gara berdina jateaz baina kontua da horixe dela garaikoa, eta freskoa. Garaian garaikoak kimiko sintetiko gutxiago dauka, ez baita artifizialki iraunarazi behar. Erroetara bueltatu behar genuke, eta sasoi bakoitzean sasoikoa zer den kontziente izan.
"Produktu guztiz naturalak" izan zen zure berbaldiaren izenburuaren bigarren zatia. Baina guztiz-guztiz denik ere ez da erraz topatzen, ezta?
Norbaitek edukiko du suerte hori, baina... Gakoa da ahalik eta gai sintetiko gutxien erabiltzen dutenengana jotzea. Kilometro zeroko produktuak, zirkuitu laburrekoak, kontsumo-taldeak... Gehigarriak, pestizidak eta abar erabili arren, gutxiago erabiltzen dute eta. Batzuek uste dute janari ekologikoan ez dagoela horrelakorik batere, eta ez da hala, bestela produkzioa oso-oso murritza izango litzateke.
Ondo jaten dugu inguru honetan, badakigu garbi jaten?
Bai eta ez. Geure burua zaindu nahi dugu gero eta gehiago, zabor-janaria alboratu eta janari freskoa hartu, barazkiak eta abar. Baina denbora faltagatik oso azkar prestatzen diren produktuak erosten ditugu (horrelako gehiago dago, izan ere), hutsean ontziratuak, atmosfera eraldatuan, mikrouhin-labean bi minutuan egiteko. hau da, ultra-prozesatuak. Barrukoa oso osasungarri izan daiteke, baina baldintza horietan... Eta elikadura garbia dela pentsatuz kontsumitzen ditugu. Gero eta gehiago kimikorik gabeko elikadura eskatzen dutenak, baina jaki ultra-prozesatuak jaten dituztenak ere bai.