Gorlizko bigantxei agur

Iker Rincon Moreno 2020ko ots. 10a, 10:29
Bigantxak, artxiboko irudian.

Joan den urtarrilaren 26an egindako herri-galdeketa ez zen loteslea izan; hala ere, Gorlizko Udalbatzak emaitza onartzea erabaki du, EAJren eta EH Bilduren aldeko botoakaz. Independenteak taldea abstenitu egin zen, galdeketan "hainbat irregulartasun" egon delakoan.

Gorlizko Santiago jaietan egin ohi den bigantxen-ekitaldia mantendu edo ez erabakitzeko galdeketa egin zuten joan den urtarrilaren 26an. Hala, "Bigantxak nahi dituzu Gorlizko jaietan?" galderari erantzunez, 902 lagunek eman zuten euren iritzia, zentsuaren % 18 inguru. Horietatik 689k ezetz bozkatu zuten,  eta 211k, aldiz, baietz (zuri eta nulu bana egon zen baita ere). Hala ere, emaitza ez zen loteslea izan bere horretan, eta Gorlizko Udalbatzak erabaki behar izan du hori onartu edo ez. Horretarako eztabaida joan den barikura atzeratu egin zen, otsailaren 6an egindako ezohiko osoko bilkurara arte. EAJk egindako proposamenaren harira, talde horrek eta EH Bilduk emaitza onartzea erabaki zuten; Independenteak taldea, aldiz, abstenitu egin zen, herri-galdeketaren ezaugarriakaz bat ez zetorrelakoan.

Gorlizen erroldatutako 16 urtetik gorako 5.032 pertsonak botoa eman zezaketen herri-galdeketan; horretatik 902 lagunek eman zuten iritzia. "Parte-hartzea % 18koa izan zen, eta ez zen loteslea izateko aurreikusten genuen minimoa lortu; hala ere, Udalak emaitza kontutan hartuko zuela jakinarazi zuen, hori onartu edo ez arrazoitzeko. Herritar denek modu libre batean bere iritzia emateko aukera izan dute eta emaitza bien arteko aldea aurreikusten genuena baino handiagoa izan da, hau da, 10 puntu baino gehiagokoa. Kontuak hala, EAJk uste du Udalbatzak herritarren iritzia onartu behar duela", azaldu zuen osoko bilkuran Nagore Utxupi Gorlizko alkate jeltzaleak. Horren aurrean, EH Bilduk ere emaitza babestu beharra dagoela proposatu zuen. "Guk argi daukagu parte-hartzea handia izan dela, nahiz eta batzuek ondorioztatzen duten baxua izan dela. Galdera da: non daude bigantxen alde dauden horiek denak? Aldea oso handia izan da, eta hori onartu beharra dago", zehaztu zuen koalizio abertzaleko Gabi de la Maza zinegotziak.

Bere aldetik, herri-galdeketa egiteko formatua deitoratu zuen Independenteak taldeak; "galdeketak egitearen alde gaudela azaldu dugu behin eta berriro, baldin eta horiek argi eta garbi definituta badaude. Kasu honetan, uste dugu prozesua ez dela argia izan eta bere garaian proposatu genuen hori egin arte galdeketa atzeratu egin behar zela", adierazi zuen Iban Pérez zinegotziak. Era berean, zehaztu zuen jai-batzorde bat dagoela eta "horiek direla jaien jarduerak kentzeko edo mantentzeko arduradunak".

Ezohiko osoko bilkuraren eztabaida (49. minututik aurrera):

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun