Gorlizko ikastetxeko hainbat ikasleren familiek Haurrak Babesten izeneko ekimena abiatu dute, COVID-19aren aurkako neurri zehatz batzuk bertan behera utz daitezen aldarrikatzeko. Horretarako, elkarretaratzeak egingo dituzte eguenero eskola parean, 15:45etik 16:15era; atzo, azaroaren 4an, bigarren aldia izan zen protestaldia egiten zutena, eta 40 lagun inguru batu zirela adierazi dute.
Horrez gainera, Haurrak ere Bai ekimenagaz bat egiten dutela aldarrikatu dute, eta, hala, datorren martitzenean, hilaren 9an, Euskal Herri mailan deitutako mobilizazioan bat egin eta eserialdia egingo dutela iragarri dute, 15:45etik 16:15era ere, eskolan bertan.
Azaldu dutenez, euren eskaera zehatzak hurrengoak dira:
- Eskuen higienea ura eta xaboiagaz egitea COVID-19ari aurre egiteko, "2021-2022 ikasturteko ikastetxeetako protokolo orokorrean adierazten den bezala".
- Aire zabalean musukorik ez erabiltzea; hau da: patioan, gorputz hezkuntzako klaseetan zein txangoetan, etab.
- Egunero haurrei tenperatura ez hartzea.
- Jolasteko materiala erabili ahal izatea patioko orduetan.
- Ikasgelen errotazioa berreskuratzea, Amara Berri metodoa era egoki batean aurrera atera ahal izateko.
- Psikogelaren ohiko erabilpena berreskuratzea, adinez txikiagoak direnen beharrizanak lehenetsiz.
- Irakasleek malgutasunez jokatzea ikasleakaz COVID-19ari aurre egiteko 2021-2022 ikasturteko ikastetxeetako protokolo orokorrean agertzen diren gainerako neurrien aurrean.