Elkarrizketak

Nagore Utxupi: “Aspalditik egon den legealdirik zailena izan dela uste dut”

Nahia Martinez Gondra 2023ko mar. 22a, 09:57

Gorlizko alkatea den Nagore Utxupi. © EAJ

Eskualdeko udal-agintariei egindako elkarrizketakaz jarraituz, gaurkoan egungo Gorlizko alkate den Nagore Utxupi Larrazabalen txanda da. Lau urteko legealdi honetan zailtasun askori egin die aurre Larrazabalek, hala nola COVID-19ak sortutako larrialdi egoera eta horri aurre egiteko hartu beharreko erabaki zailak. Horregatik, HIRUKA Utxupigaz elkartu da azkenengo urteotako krisi egoerak nola kudeatu dituen jakiteko, baita bere legealdiaren nondik-norakoak ezagutzeko asmoagaz ere.

Zelan baloratzen duzu lau urteotako legealdian egindako ibilbidea?

Legealdi gogorra izan da tokatu zaiguna, baina, hala eta guztiz ere, ez dugu galdu lana aurrera ateratzeko ilusioa eta indarra. Ohore bat izan da herriarentzako lan egiten egotea, eta gogotsu ekingo diogu datorren legealdiari ere.

Zailtasunez eta gorabeherez betetako legealdia izan da azken hau, hala nola COVID-19 pandemia eta krisi ekonomikoa; zelan egin dizkiezue aurre?

Egia esan, aspalditik egon den legealdirik zailena izan dela uste dut. Pandemia garaian mundua gelditu zen, eta momentuan momentukoak landu behar izan genituen. Hasteko, udaletxean lan egiten zuten langileak etxera bidali behar izan genituen euren etxebizitzetatik lan egiteko baliabideak emanez; izan ere, Administrazioa ezin da inoiz gelditu.

Gainera, herritarrek zaintza sare bat sortu zuten, eta haiekin elkarlanean aritu ginen jendeari janaria, medikamenduak eta behar zituzten gauzak etxera eramateko. Halaber, 200.000 eurotik gorako partida aurrekontuetatik mugitu genuen herritarrei eta Gorlizko komertzioei diru-laguntzak emateko.

Bestalde, enpresen jarduna ere gelditu zen eta Udaletik martxan genituen proiektu guztiak bertan behera gelditu ziren. Pixkanaka, berriro ere, genituen egitasmoei ekin diegu, baina hainbat zailtasun izan ditugu, hala nola gerrateak, krisi ekonomikoak edota garraioen grebak. 

Gobernu-taldeak aurrera eramandako proiektu guztien artean, zeintzuk nabarmenduko zenituzke?

2020an kiroldegiko pabiloi berria bukatu nahi izan genuen. Kanpotik bazirudien eraikuntza bukatuta zegoela, baina oraindik beharrezkoa zen horren  inguruan urbanizazio lanak egitea. Orduan, pandemia heldu zen, eta prozesu guztia moteldu zuen. Pabiloia itxita egon den denboran pentsatu genuen eraikuntzak kirolaz besteko erabilera anitzagoa izan behar zuela. Pandemiak ikuspuntu berri bat eman zigun eta eremu handiak hainbat ekintzetarako erabilgarri izatearen premia ikusi genuen, adibidez, oposizio-prozedurak edota ekimen kulturalak egiteko. Horregatik, azpiegiturak hainbat egokitzapen beharko ditu erabilera horiek guztiak txertatzeko. 

Proiektua ia eginda dago eta Aste Santua baina lehenago obrarekin hasiko da Udala. Ahalik eta azkarren kiroldegia zabaltzea espero dugu, izan ere, denbora larregi daramagu obra honekin eta herriarentzat ezinbestekoa dela uste dugu.

Baten bat egiteke gelditu zaizue?

Ez, ez da ezer bidean gelditu. Lau urtetan zehar proiektu andana egiten lanean egon gara, eta pandemiak dena atzeratu arren, pixkanaka guztiak argitara ateratzen joango dira.

Zelakoa da gaur egungo egoera Udalbatzan?

Legealdia Gorlizen dauden hiru alderdi politikok hasi genuen koalizio gobernuan. Aitzitik, Talde Independenteak arin utzi zituen bere betebeharrak eta oposiziora joan zen. Ordutik aurrera koalizioan EH Bildurekin batera gobernatu dugu, eta nahiz eta gure arteko ezberdintasunak sakonak izan eta asko eztabaidatu, azkenean aurrera atera ditugu gauza estrategiko garrantzitsuak.

Udalean egindako bide honetan, zein izan da zure erronkarik nagusiena politikari dagokionez?

Udalean sartzerakoan, nire asmoa zen proiektu asko aurrera ateratzea, lan handia dagoelako egiteko eta ni prest nagoelako horretarako. Gorliz herri zoragarria da, baina eremu asko Aldundiarenak eta Costasenak dira. Horregatik eta beste hainbat faktorerengatik administrazio ezberdinekin elkarlanean aritzea ezinbestekoa da. 

Arlo pertsonalean ni beti izan naiz pertsona baikorra, hurbila eta enpatikoa. Nahiz eta egoera latzak kudeatzea tokatu zaizkidan, karguak ez du nire izaera aldatu, eta etorkizunean ere ez du aldatuko. Jendeak horrela ezagutu nau alkatea izan aurretik eta horrela izaten jarraituko dut.

Zein aurreikuspen dituzu hurrengo legealdiari begira?

Martxan dauden proiektu eta lan guztiak aurrera ateratzea guri dagokigu. Horretarako etorri gara eta hori izan da beti gure konpromisoa. Ez dakit zer etorriko den hurrengo legealdian, baina gure aldetik behintzat esan dezaket berdin-berdin ekingo diogula lanari, gogotsu eta ilusioz beterik.

Zelan uztartu dituzu agintari eta herritar gisako paperak zure bizitza pertsonalean?

Alkatetzaren karguak hainbat gauza dakar, eta, horien artean, 24 orduko eskuragarritasuna da. Berdin dio non nagoen, zertan nabilen edo zein ordu den; beti edozein galdera, eskaera edo arazo konpontzeko prest egon behar naiz. Hala izango zela argi neukan, izan ere, Gorlizen lan egin dut eta bertan bizi naiz.  

Zailtasunik izan duzu emakume gisa politikan aritzeko? 

Egia esanda, harro esan dezaket ez dudala izan, nire kasuan behintzat, generoarekin erlazionatutako zailtasunik. Zailak beste gauza batzuk izan dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun