Taldea 1969an sortu zen hainbat gorliztarren ekimenez. "Diotenez, garai horretan jaietan tabernetan ez zegoen orain bezalako musika ozena, beraz, pentsatu zuten kartoizko banda bat egitea", azaldu du Asier Arruti Los Urris taldeko kideak. Horretarako, lehendabizi kartoiz egindako instrumentuak egin zituzten, zarata egiteko turuta bategaz, "eta tabernetatik joaten ziren abesten eta herria girotzen". Taldearen mozorro bereizgarria ere orduan sortu zuten: gona eskoziarra, alkandora zuria, txaleko beltza eta txapela; "etxean zeukaten lehenengoagaz mozorrotu ziren, eta batzuek diote urritasun horretatik etor daitekeela izena, baina ez dago argi".
Elkartea baino askoz gehiago. Arrutik dio 2010ean taldeak urrats garrantzitsu bat eman zuela, Los Urris taldeak elkarte izaera bereganatu baitzuen. "Ordura arte oso zaila zen gauzak antolatzea, ez genuelako jendearen konpromisorik eta asko azken momentuan apuntatzen zirelako jaitsierara eta horrelakoetara". Elkartea sortzeari esker, Los Urris taldeko kideek elkarlan eta jarduerak antolatzeko konpromiso hori lortu dutela azpimarratu du Arrutik; izan ere, bera presidentea da une honetan, baina tartekatzen doan kargu administratiboa besterik ez dela dio, "bakoitzak bere zereginak eta ardurak ditu, eta denon lanari esker ateratzen ditugu aurrera gauzak".
"Parrandan ondo pasatzea gustatzen zaigu, baina gainontzeko gorliztarrek ondo pasa dezaten ere lan egiten dugu; azkenean, hori ere badelako elkartearen helburua"
Beraz, gaur egun, jaietarako mozorrotzen den talde parrandazaleaz gain, herrian jarduerak antolatzen dituen kultur elkarte aktiboa ere bada. "Jaietatik harago, gure artean elkartzea eta besteek ere ondo pasarazteko gauzak antolatzea saria ere bada, lana ematen duen arren". Besteak beste, martxoan Indaba Txapelketa antolatu zuten, Aratz Dantza Taldeagaz batera San Juan sua ere egiten dute eta txosnak jartzen hasi zirenean beraiek ere lehenen artean egon ziren 2013an. "Txosnatik ateratzen dugun diruak independentzia ekonomiko bat ematen digu, eta guztiaren % 25a dohaintzan ematen diogu zuzenean Jangai Gorliz eta Plentziako elikagaien bankuari". Diru horri esker, beste elkarte batzuek antolatzen dituzten jarduerak ere babesten dituzte. Adibidez, iaz txakurren lehiaketa bat antolatu zen eta, dirua behar zutenez, laguntza eman zieten; eta Herri Crossean ere pintxoak beraiek jarri zituzten. Horrez gain, jaietan ezaguna da umeentzako antolatzen duten madalena-tailerra.
Hala ere, jaietan mozorroa jantzi eta ondo pasatzeko xedea ez dute alde batera utzi eta jarraitzen dute egiten diren ekintza guztietan parte hartzen saiatzen.
50. urteurrena
2019an taldeak mende erdia ospatu zuen eta Urri izandako guztiak gonbidatu zituzten horretara, "100 pertsona inguru batu ginen; oso hunkigarria izan zen", gogoratu du Arrutik. Gaur egun, 40 bat kide direla dio, baina ateak zabalik dituzte eta edonork eman dezake izena, bakarrik eskatzen dutena da elkarteak antolatzen diren jardueretan parte hartzea. "Oraingoz ez dago emakumerik, lehen gizonak bakarrik sartu zitezkeelako, baina orain zabalik gaude eta edonor sar daiteke. Herriaren alde gauzak egin gura dituen jendea gura dugu".