Orain arte, euskal mitologiaren gaia asko jorratu duzu zure liburuetan, ume txikientzat bideratutako atala falta zela ikusi zenuen?
Bai, badaude liburu batzuk, baina nik uste dut nahiko partzialak direla, mitologiaren zati bat ukitzen dutelako bakarrik. Ipuinak daude eta pertsonaia mitologiko ezagunenak bakarrik azaltzen dira horietan: Herensuge, sorginak... Guk 29 pertsonai sartu ditugu liburuan; arazoa da ez dagoela denen arteko batasuna, hau da, mamarroak, familiarrak eta galtzagorriak gauza bera dira? Batzuetan izen ezberdina daukate, baina, deskripzioa ikusita, pertsonaia bera direla dirudi, beste batzuetan zalantzak daude. Azkenean, zerrenda luzeagoa zen, baina nik gehienak sartzen saiatu naiz, liburuaren orrialde-kopurura ere moldatu behar izan naizelako. Lan honekin konturatu naiz gauza polit asko egiteko aukera eta beharra dagoela, umeek oraindik sinisten dutelako, eta eskoletara hitzaldiak ematera noanean eta bideoak jartzen dizkiedanean ikusten dut nola aldatzen zaien aurpegia, eta horrek ere asko betetzen nau.
Nolakoa da liburua?
Liburua orain arte egin denaren ezberdina da. Pertsonaiak ezagutzeko ez dago ipuinik, pertsonaien deskribapen labur bat dago, Aritz Garciaren ilustrazioekin eta adimen artifizialarekin sortutako irudiek osatuta. Umeak aspertu gabe irakurtzeko modukoa egiten saiatu gara, letra larriarekin eta eduki laburrekin.
Horrez gain, pertsonaia bakoitzak QR kode bat ere du bere orrialdean, nora darama lotura horrek?
Erabilera askeko edukiak dituen www.euskalmitologia.eus webgunera darama, baina hori erabiltzeko ez dago zertan liburua eduki behar, helburua baita bertan dauden materialak ikastetxeetan ere erabiltzea. Liburua hartzen dutenek pertsonaiaren deskribapena irakur dezakete eta QR kodea eskaneatuz webgune horretara joango dira; horretan, gainera, Yannick Vergara aktoreak narratutako bideo labur dago, pertsonaia bakoitza bere ingurunean ikusi ahal izateko.
Mitologia modu oso lokalean lantzen duzu, baina gauza globala ere bada, ezta?
Badaude mitologiako hainbat elementu komun eta unibertsalak direnak, baina, gero, herri bakoitzak bere interpretazioa egiten du. Adibidez, hitzaldietan euskal mitologia beste herrialde batzuetakoarekin konparatzen dudanean, denek uste dutela Basajaun euskal mitologiaren gizakia dela bakarrik, baina antzekotasun handia du Jeti, Bigfoot edo Sasquatch bezalakoekin. Leku guztietan pertsonaia nahiko antzekoak daude eta pentsatzen dut gure mentalitate kolektiboan geratzen den aztarna dela, Basajaunaren kasuan, sapiensak eta neanderthalak elkarrekin bizi izan ginenekoa; hori horrela balitz, pentsa noraino garamatzan mitologiak.
Atzerriko mitologia. "Penagarria da gazte askok zinetik atzerriko mitologia jasotzen dutela, baina ez dutela hemen duguna hain ondo ezagutzen"
Iskidi taldeak zure liburuetan oinarritutako ikuskizun mitologiko bat ere garatu du. Nola da hori?
Mitologika liburuan oinarrituta, Irurtzungo taldeak pertsonaia mitologikoen kalejira egiten du eta nik azalpenak ematen ditut horietan; azken finean, helburu berdina daukagu: mitologia modu dibertigarrian zabaltzea eta mantentzea. Gainera, pertsonaia handiak bizirik ikustea ikusgarria da. Baimena eskatu zidatenean, esan nien mitologia herriaren ondarea dela, eta lehen kalejira ikusi nuenean pentsatu nuen liburuari bizitza eman ziotela; oso momentu magikoa izan zen.
Euskal mitologia apur bat alderatuta zenuen orain arte, eleberri beltza edo salaketa literatura jorratzen aritu baitzara; mitologiara itzultzea erabaki duzu?
Gogoratzen dut Bilboko Liburu Azokan Toti Martinez de Lezea idazlea hurbildu zitzaidala eta galdetu zidala ea noiz bueltatuko nintzen mitologiari buruz idaztera: "Guk biok egiten ez badugu, nork egingo du?". Egia da beste idazle batzuk ere badaudela gutaz gain, baina bera izan zen mitologiari buruz berriz ere idazteko akuilua sartu zidana, eta gai bera umeen eta gazteen ikuspuntutik jorratzeko aukera bezala ikusi nuen orduan.