Noiz sortu zenuten Autismo Euskadi elkartea eta zergatik?
Orain dela urte eta erdi seme-alaba autistak ditugun guraso talde bat elkartu ginen, eta gure hasierako asmoa zen informazioa Instagrametik elkarbanatzea. Baina gure profila asko hazi zen eta gero eta jende gehiago hasi zen gure edukia ikusten: egun oso handia bilakatu den mugimendua da. Hala, jendeak eskatu zigun mesedez elkarte bat egiteko, eta, horregatik, irailetik aurrera irabazi asmorik gabeko elkarte moduan gabiltza lanean. Kaletik eta kalerako sortu ginen. Egun, 10 kide gaude baina jende asko dugu gu laguntzen gure ekintza eta tailer guztietan.
Zein da zuon helburua? Nola lortzen duzue?
Autisten eta euren familien bizitza kalitatea hobetu nahi dugu. Guk zabaltzen dugun informazioa eguneratua da, gaur egungoa. Izan ere, askotan eskuragarri dagoen edukia oso zaharra da eta ez da aproposa izaten. Gainera, ikuspegi positiboa ere sustatzen dugu. Iraganean autismoa gaixotasun bat balitz bezala erakusten zuten beti eta mito asko daude oraindik horren inguruan. Guk mito horiek eraitsi nahi ditugu.
Horretarako, stand informatiboak jartzen eta bisibilizazio kanpainak egiten ditugu. Esaterako, Bilboko Aste Nagusian egon ginen eta zapatuko autismoaren aldeko jaian ere bat jarriko dugu. Gainera, zapatuan postalen horma-irudi bat egingo dugu autismoaren inguruko mito guztiekin.
Sormena asko erabiltzen dugu eta Instagramaren bidez informazio andana partekatzen dugu. Horrez gain, eskolekin proiektu bat dugu esku artean, urtarrilean aterako duguna: eskoletan ere ikasleek autismoa zer den jakin dezaten lan egingo dugu. Pasa den urtean, aniztasun funtzionala ikusarazteko lehenengo San Silvestre herri-lasterketa egin zuten Barakaldon, eta, aurten, bigarrena egingo dugu. Bertan, informazio txokoa ere jarriko dugu.
Aipatu bezala zapatuan, abenduaren 16an, autismoaren aldeko jai solidarioa egingo duzue Gorlizen.
Oso jai polita izango da jende guztiak era solidarioan parte hartuko duelako, bolondreski. Enpresa guztiak modu altruistan etorriko dira: Puzgarri enpresa etorriko da, Itxas Mendik ardo dastaketa solidarioa egingo du, herri kirolak edukiko ditugu Getxoko taldearen eskutik, Gaituz Sport enpresak eskubaloi inklusiboa egingo du, Gorlizko Pirata taldeak boxeo erakustaldia egingo du eta aniztasun funtzionala duen boxeatzaile bat ere etorriko da, Katiuskak eta Katilu enpresak hare-magikoren tailerra egingo du, Busturiatik Txitxatoki Urdaibai zirku-eskola inklusiboa dator, Tito Blasek eta Despierta tus Sentidos enpresek garagardo dastaketa bat eskainiko dute eta Gorlizko Kuadrillak-ek txokolatada eta txori-pan postu bat jarriko dute. Bukatzeko, rifa solidario bat ere egingo dugu. Pilo bat enpresek eman dizkigute opariak eta Gorlizko komertzioek eta ostalariek 18 sari banatuko dituzte.
Guztia aukeratu dugu umeen interesak kontuan hartuz. Adibidez, hare-magikoaren tailerra oso egokia da haur autistentzako, tailer sentsoriala delako. Hala, autismoa erdigunean jarri nahi dugu.
Nolakoa izaten ari da horren antolaketa?
Zoramen bat kar-kar-kar…. baina zoramen polita. Oso ederra da euskal solidaritatea islatzen delako horrelako ekintzekin. Enpresa eta laguntzaile guztiak doan etorriko dira, orduan, hunkituta gaude. Era berean, buruan genuen ideia Gorlizko Udalari kontatu genionean lehenengo momentutik laguntzeko prest egon dira eta mundu guztia dago gogotsu. Esan bezala, zoramena da gauza pila batez arduratu behar garelako, baina polita ere izaten ari da. Asko eskertzen dugu jendearen laguntza.
Nola ikusten duzue ume autisten egoera? Eguneroko ekintzetan kontuan hartzen dira euren beharrak?
Gaur egun ez, eta horregatik ari gara lanean. Gure helburua inklusioa da, batez ere, aisialdian. Aisialdi inklusiboa behar dugu. Esaterako, gu saiatzen bagara gure umea igerilekura apuntatzen, ez dago ia ezer. Eta egia esan, orokorrean ez dago ia ezer ume autistentzako. Horregatik, lehenengo gizartea sentsibilizatu behar dugu.
View this post on Instagram