LAB sindikatuko beharginek Gorlizko Udalari eskatu diote udal lanpostuak indarkeriarik gabeko guneak izateko neurriak har ditzala

Nahia Martinez Gondra 2024ko api. 25a, 16:49

Gorlizko Udalari eskatu diote udal lanpostuak espazio seguruak izateko neurriak baliatzeko. © GORLIZKO UDALA

Gorlizko Udaleko LAB sindikatuko atal sindikalak udaltzainen artean izandako gatazkaren harira adierazi du gertakariak "erabat gaitzesgarriak" direla eta eraso matxista izan dela. "Beste behin ere, agerian geratu da justiziaren izaera patriarkala, erasotzaileen inpunitatea ahalbidetzen duena", deitoratu dute. Horregatik, Gorlizko Udalari eskatu diote udal lanpostuak espazio seguruak eta inolako indarkeriarik gabekoak izateko neurriak har ditzala.

2019ean, Gorlizko emakume udaltzaingo batek tratu iraingarria eta sexu izaerako jokabide desegoki larriak sufritu zituela salatu zuen bere kidea zen gizonezko batengatik. Horren ondorioz, 2021an baja eskatu zuen. Duela egun gutxi, artxibatu egin dute emakumeak bere kideari jarritako denuntzia.

Beharginek nabarmendu dute auzibidean frogatutzat eman direla emakumezko lankide horrek gizonezko beste lankide baten partetik jasandako gertakari batzuk. Hala, nahiz eta epaileak erabaki duen frogatutzat eman diren gertakari horiek ez direla penalki zigorgarriak, ikusarazi dute ez duela "esan egoera horiek eman ez zirenik".

Hala, langileek Gorlizko Udalari eskatu diote prebentzioan eta langileen formakuntza feministarako plan bat egitea eta aurrera eramatea. Bestetik, erasotua izan den langilea babesteko dagozkion neurriak ezartzea ere exijitu dute, "egiaztatutako gertaera horiei dagokien diziplina espedientea ireki eta bidezko neurriak hartzeko erasotzailearekiko".

Hala, argi adierazi dute haiek euren partetik erasotua izan den lankidea babesten jarraituko dutela, baita lantokia pertsona guztiontzat espazio segurua izateko neurriak exijitzen ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun