Nire bizitzaren jabe izan nahi dut

Erabiltzailearen aurpegia Ane Larrakoetxea 2015ko urr. 26a, 12:52

Hainbat gauza buruan, hainbat arazo, kezka, beldur, ez-jakintasun... Lana, ikasketak, militantzia, familia, maitasuna, mundua, Euskal Herria... Euskal Herria...

Eta nondik hasi? Nola konpondu arazoak? Nola askatu buruhausteak? Nola pasatu biziraun egoeratik bizi egoerara?

18 urte programatuta bizitza zehatz bat izateko, eta ikasketak bukatuta programazio hori dataz pasatu egin da eta sistema berri bat erosi behar da. Baina oraingoan inork ez zaitu eskutik eramango konfiantzazko denda batera, eta inork ez dizu esango zein den sistemarik onena edo egokiena. Bakarrik zaude.

Bakarrik... edo libre? Ez al da izango gure bizitza bideratuta ez dagoen momentu bakarra? Inork egin behar duzuna esaten ez dizun momentua? Baina orduan, zergatik hainbeste beldur? Zergatik horrenbesteko ez-jakintasun? Ba nik argi daukat: inoiz ez, gure bizitza osoan, inork ez digulako galdetu zer den nahi duguna. Inork ez du kontuan hartu gure iritzia edo gure nahia. Eta orain, orduan, noraezean aurkitzen gara, eta norbait behar dugu zer egin behar dugun esango diguna.

Produkzioa, produkzioa, produkzioa... Egin, egin, egin, egin, egin!! ZERGATIK!? Eta zergatik ez hausnartu? Irri egin? Disfrutatu? BIZI!?

Ba nik bizi nahi dut. Ez dut produkzio makina bat izan nahi. Eta ez dut biziraun nahi. Egiten dudana benetan nahi dudalako eta nahi dudan moduan egin nahi dut. Nire bizitza nik diseinatu nahi dut. Bai, burujabe izan nahi dut. Nire bizitzaren jabe izan nahi dut.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun