Herri-kontsultak Uribe Kostan

Galdera ikurra, galdera, galdetzea…

Erabiltzailearen aurpegia GureEskuDagoGetxo 2017ko mai. 28a, 11:40

Galdera ikurra osatu dugu Uribe Kostako herritarrok. Zazpirehun bat pertsona bildu gara Algortako Portu Zaharrean. Hurrengo hitzordua Bilbon dugu, ekainaren 10ean.

Galdera ikurraren baitan elkartu gara, galdetzea nahi dugula aldarrikatzeko, eta erantzutea nahi dugula argi eta garbi adierazteko. Protagonistak izan nahi dugu, protagonistak gure herriaren orainean eta protagonistak gure herriaren etorkizunean.

Galdetzeak ahotsa ematen digu. Eta erantzuteak protagonista egiten gaitu. Galdetzeak eta erantzuteak erabakitzeko bidean jartzen gaituzte,  eragiten diguten gaiez dugun iritzia plazaratzeko bidean eta haien gainean erabakitzekoan.

Gaur galdera ikurrak batu gaitu, galdera ikurrean batu gara; eta bihar ere,  galdera ikurrak batuko gaitu, galdera ikurrean batuko gara. Eta honela egin dugu, eta egingo dugu, erantzunetan ezberdinak izan arren. Galdetzeak, berriz diogu, ez duela zatitzen, batu baizik.

Lau urte pasatu dira Iruñea eta Durango giza kate batez lotu genituenetik. Lau urte herriz herri eta auzoz auzo konplizitateak lantzen, akordioak bilatzen, ezberdinen arteko zubiak egiten… Lau urte non mosaikoak, oihalak edota kontsultak josi eta antolatu ditugun.

Horra hor Lemoiz, Gorliz, Plentzia, Barrika, Urduliz eta Sopelan antolaturiko galdeketak, non Uribe Kostako milaka herritarrok ariketa ezin demokratikoago bat egin dugun: bozkatu egin dugu.

Eta horra hor, Berango, Erandio, Leioa edo Getxon antolatzen ari garen galdeketak, non Uribe Kostako milaka herritarrok ariketa ezin demokratikoago bat egingo dugun: bozkatu egingo dugu.

Ados gaude.

Horretarako, ekainaren 10ean erabakitzeko aukera gauza dadin eskatuko dugu. Munduak ikusteko galdera ikurra osatuko dugu. Eta herritarrez ez ezik edukiz ere beteko ditugu kaleak. Hilabeteotan landutako Herritarron Ituna aurkeztuko dugu mobilizazioaren amaiera ekitaldian. Ekainaren 10ekoa, beraz, ez da hutsetik jaiotako ekimena. Orain arte egindako lana, lortutako adostasunak eta sortutako borondatea oinarri, aurrera egiteko abiapuntua da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun