Arratsaldeko zortziak aldera abiatu da protestaldia Sopelako udaletxe aurretik, Urdulizerainoko bidea egiteko. Manifestazioaren buruan "Igeltsera bizirik! Okupazioa aurrera" leloa irakur zitekeen parkartan eta ugariak ziren azken aldarrikapen horren aldeko laranja koloreko banderak bildutakoen artean. Ertzaintzaren presentzia ia nabariezina izan den arren, ugariak izan dira polizia autonomikoaren aurkako oihuak. Are gehiago, Sopela eta Urduliz arteko errepideko bidegurutze batean patruila autoa agertu denean. "Makurtzen ez dena..." abesten hasi dira orduan gazteek. Dena den, unean uneko haserraldiak alde batera utzita, giro alaiean egin dute bidea. Igeltsera gaztetxe parera heldutakoan ongi etorria eman diote manifestazioari eraikineko teilatuan zeuden hainbat lagunek. Bertan, eserialdia egin eta hamar bat minutuz moztu dute errepidea neska-mutilek.
Tira-bira txikia
Urdulizen bertan, buelta txikia eman diote herriari gazteek, batzokiko lorategian amaitzeko. Bertan, tira-bira txikia egon da mutiletako baten eta bertoko tabernaz arduratzen den gizonaren artean. Gaztea makil batez jotzen hasi da leiho batetako burdin hezia eta jabeak gelditzeko esan dionean hasi dira txistuak. "Bera EAJkoa barik, langile soila baino ez" dela esan dio mutilari batzokiko ostalariak. Hortxe geratu da guztia. Komunikatuak irakurri eta protestaldia amaitzean, ertzainek Igeltserara abiatu direla zabaltzen joan da gazteen artean. Baina bertara helduta deuz ere ez zen gertatzen.