"StopDispertsioa" manifestazioa ostiralean Algortan

Erabiltzailearen aurpegia SARE Algorta 2016ko mai. 18a, 11:03

Algortako bi lagunek auto istripua izan zuten joan den larunbatean Valdemoroko espetxetik (Espainia) zetozela, Arkaitz Goikoetxea (Getxo) bisitatu ondoren.

Pasadan larunbatean, maiatzak 14, dispertsioaren aurkako mobilizazioa burutu genuen egun beretsuan, Algortako presoa den Arkaitz Goikoetxea Madrileko Valdemoro espetxean bisitatzetik bueltan, auto-istripua izan zuten Getxoko bi bizilagunek. Zorionez, onik daude biak. 2016an, sakabanaketaren ondoriozko hirugarren istripua dugu; dispertsio-politika indarrean jarri zenetik ehunka izan dira senide eta lagunek errepidean izandako istripuak, 16 lagunek bizia galtzeraino. Tartean, Getxoko bizilaguna zen Antonia Hernandez, Angel Figueroa biloba bisitatzera zihoala.

Euskal preso politikoen senide eta lagunei zuzendutako salbuespeneko politika honek, giza-eskubideak urratzeaz gain, presoen ingurumaria afektibo osoari eragiten dio. Kartzela politika honen ondorioak konponezinak direla agerian geratu da pairatzen duten pertsonei dagokionean, kostu humano eta ekonomiko handiak dakarzkielarik. Astebururo-astebururo milaka kilometro egin behar izaten dituzte euren senideekin egon ahal izateko; horrela da ere espainiar eta frantziar espetxeetan sakabanatuta dauzkaten 8 algortar presoen senideen egoera, astebururo 1.200 eta 2.100km artean bidaiatu behar dituztelarik haiekin egon ahal izateko.

Dispertsio politikarekin behingoz amaitzea aldarrikatzeko, Algortako SAREk ostiral honetarako (maiatzak 20) deitutako manifestazioan parte hartzera deitu nahi zaitugu.

Maiatzak 20 (ostirala) 20:00 Telletxe plazatik

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun