Era hortako jendea...

Erabiltzailearen aurpegia German Kortabarria 2016ko abe. 19a, 00:48
Luhuson atxilotutako bost herritarretatik bi lagunak ditut. Terrorismoaren aurkako operazio batean atxikiak izan direla diote iturri ofizialek.

Terrorismoa argudio arras funtzioanala gertatu zaio PPri. Lehiakide politikoak neutralizatzeko, euskal nazio eraikuntzaren aurkako gurutzada hauspotzeko eta   herri xehearen kalterako politikak ahantzarazteko balio izan dio. ETAk aldian behin eragiten zituen biktimak ere terrorismoaren aurkako galdara elikatzen zuten zeharkako kaltetzat hartuak zirela zirudien.

Dagoeneko bost urte pasa dira ETAk armak behin betirako bazterrean utzi zituenetik. Espainiako gobernuak ez du, ordea,  bazterrean utzi “terrorismoaren aurkako borrokaren” baliabide preziatua. Ondorioz terrorismorik gabeko anti-terrorismoaren garaia pairatzen ari gara. Hor kokatu behar da, hain zuzen ere, Luhusoko sarekada.

Mixel Berhokoirigoin eta Txetx Etxeberriri ezingo zaie borroka armatua praktikatzea, babestea edo defendatzea leporatu. Aitzitik, lan oparoa dute egina bide zibil eta demokratikoen alde, esanetan bezala ekintzetan. Eta horretan ari ziren orain ere, atxilotutako beste lagunak bezala. Hori ez da oztopo izan terrorismoaren zakuan sar ditzaten. Elikatzen jarraitu behar da, nonbait, galdara.

Iruditzen zait atxilotuen hobena, funtsean,  ETAren ibilbideaz eta, batez ere, estatuko botere eta aparatuen eskuhartzeaz Espainiak atondu eta Frantziak berea egin duen irakurketari aurre egitea izan dela: ez dute onartu hamarkadetako gatazka armatua zuzenbide estatuak erakunde kriminal baten aurka burututako borroka loriatsura labur daitekeenik; uste dute, bestalde, orain bost urteko ETAren erabaki irmoak estatuen bestelako erantzuna behar zuela, besteak beste, gatazkaren amaierak eskatzen duen armagabetze ordenatu eta segurua burutzeko. Erakunde publikoen axolagabekeria izan da, azkenean, gizarte zibileko kide ezagun hauek ardura handiko eta esker gutxiko konpromisoa bere gain hartzera bultzatu dituena.

Doakie bostei, atxikimendu eta berotasuna erakutsi dizkieten milaka herritarrenarekin batera, nire aupada ere, Etxahun Lekuek Mirivillan kantatu bezala, “era hortako jenteak aldatuko (bait) dau hankazgorako mundu hau”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun