Txakurrak oso kuxkuxeroak dira izatez, eta askotan arazoak izan ditzakete euren jakin-gose horregatik. Izaera harrapakaria eta haratusteljalea izanda, aurrez aurre aurkitzen duten eta interesa sortzen dien dena jan ohi dute. Hori dela eta, ugazabek neurriak hartzeko beharra dute, euren maskotek kalterik izan ez dezaten. Etxean zein kalean, etxe-animalientzat kaltegarriak izan daitezkeen hamaika elementu dago, berbarako pertsonentzako botikak, intsektizidak, pestizidak eta garbiketarako produktuak. Horrenbestez, gura ez diren ezbeharrak ez jazotzeko, animalientzat arriskutsuak izan daitezkeen gauza horiek denak euren irismenetik kanpo uztea gomendatzen dute adituek. Modu horretan, maskoten intoxikazio-istripurik ez gertatzea lor daiteke. Hala ere, azken urteotan, gure inguruetako kaleetan beste arazo mota bat agertu da: pozoitutako edo iltzez beteriko amuena.
Lantzean behin abisuak agertzen dira sare sozialetan, mota horretako amuak aurkitu dituztela ohartarazteko. Algortako Hezetasuna auzoan eman zuten azken jakinarazpena; inguru horretako auzokideek azaldu zutenez, Alangoko osasun-etxetik Iturribarri aldeko parke eta berdeguneetara bitartean, pozoitutako hainbat gazta zati aurkitu zituzten. Aurreko batean, ostera, iltzez beteriko txorizo zatiak aurkitu zituzten Bidezabalgo metro-geltokiaren ondoan. Abisuak egon badaude, baina Getxoko eta Sopelako udaltzaingoek adierazi dutenez, ez dute mota horretako salaketarik jaso azken aldian. Hala ere, horrek ez du esan gura pozoitze-kasurik egon ez denik. Izan ere, azkena orain dela hilabete inguru izan zen. Jon Vildosola Algortako Bikelnor klinikako albaitariak jakinarazi duenez, arratoi-pozoia zuen gazta zati bat jan zuen txakur bat artatu behar izan zuen pasa den hilean. «Leioako Pinosolo parkean jan zuen txakurrak pozoia; zorionez, jabeak ikusi egin zuen, eta zuzenean etorri zen klinikara. Oka eragin genion animaliari, pozoia bota zezan; hala egiaztatu ahal izan genuen arratoiakaz akabatzeko pozoia zela».
Arratoi-pozoiaren erabilera ohikoa da kalean, udalek arratoiak hiltzeko kanpainak egiten dituztenean betiere. Hala ere, Vildosolak azaldu duenez, pozoi horiek ez dute leku irisgarrietan egon behar, eta, are gutxiago, gazta zatiez inguratuta. Hartara, amuak begi-bistan egotearen arrazoiak bi izan daitezkeela uste du: «enpresak berak lana txarto egin duela, edo pertsona batek animaliak hil gura dituela». Dena dela, aurreko kasu horretan, gai toxikoa gazta zati batean agertu izanak animaliak hiltzeko «nahitasuna» agerian uzten duela dio Vildosolak.
Jazoera horren ostean, pozoitutako txakurraren ugazabak Udaltzaingoarenera jo zuen, baina «inor salatzerik ez zegoenez» ezin izan zuen salaketarik egin. «Hortxe dago arazoa», dio Patricia Martinez Goikoetxeak, Algorta albaitaritza-zentroko adituak, «halako kasuetan salaketak ipintzea eskatzen dugu albaitariok, baina zaila da. Izan ere, lehenengo eta behin, animalia intoxikazio baten eraginez hil dela frogatzeko beharra dago. Gero, pozoia edo amuak ipini dituena aurkitzeko beharra dago, in fraganti. Pozoiaren eraginez hil dela demostratzea zaila da, baina intoxikazio horren arduraduna aurkitzea are zailagoa da».
Sopelako Udaltzaingoak jakinarazi duenez, halako kasuren batean, autorerik ez, baina, gurata eragindako pozoitzearen zantzurik egonez gero, ikerketa abiatuko lukete, inguruko albaitariakaz harremanetan ipiniz, sendaketaren bat egin duten ala ez argitzeko. Bestalde, arduraduna nor den jakingo balitz, zuzenean atestatua zabalduko lukete eta ustezko egilea ikertzen hasiko lirateke, delitua egiteagatik.
Intoxikazio-motak
Animaliak hiru modutan intoxika daitezke: azaletik, arnastetik edo ahotik. Toxikoei dagokienez ere hiru mota daude: neurologikoa, digestiboa eta antikoagulatzailea. Martinezek azaldu duenez, badira gaixotasunak intoxikazio bategaz nahas daitezkeenak, «baina diagnostiko bereizlea egin ondoren, zerbait arraroa agertuz gero, susmoa har dakioke». Intsektizidak toxiko neurologikoak dira, eta animalien nerbio-sisteman eragiten dute; kasu horietan, gorputz-dardarak eta desorientazioak gertatzen dira. Toxiko digestiboen kasuan, ostera, okadak eta kakapirriak izan ohi dira sintomarik ohikoenak. Azkenik, antikoagulatzaileek odolgabetzeak eragiten dituzte; mota horretako pozoi ohikoena arratoiak hiltzekoa izaten da, eta oso hilgarria da etxeko animalietan.
Albaitariek diotenez, artatutako animalien kasuan, gura barik intoxikatutakoak izan ohi dira, «animalientzako arriskutsuak diren askotariko produktuak daudelako leku guztietan». Hala ere, pozoi horiek erabilita amuak ipintzearen helburu «argia» txakurrak edo katuak hiltzea dela deitoratu du Martinezek. Iltzez edo kristalez jositako amuen kasuan ere helburua berbera dela dio: «Orratzak dituen saltxitxa edo txorizo zati bat aurkitzen dugunean, argi dago norbaitek animalia horiek hiltzeko helburua duela. Horiek jaten dituztenean, ez dira gai elementu horiek digeritzeko, eta kaka egiten dutenean barrutik urradurak egiteko eta peritonitis bat jasateko arriskua dago, besteak beste».
Zer egin behar da intoxikazio baten aurrean?
Sintoma txikiena dagoenean, zuzenean albaitariarengana jotzea gomendatzen dute adituek. Zantzuak aldakorrak dira, hartutako sustantziaren araberakoak. Hala ere, ohikoak dira okadak, dardarak, paralisiak, delirioak, odol-jarioa, arnasketa-arazoa eta konortea galtzea, besteak beste. Murtziako Unibertsitateko Zerbitzu Toxikologikoak aipatu duenez, zuzenean animaliak zerbait arriskutsua irentsi duela susmatzen bada eta hura kontziente badago, unean bertan oka eragin ahal zaio, % 3ko ur oxigenatua erabilita, berbarako. Hala ere, neurri horregaz kontuz ibili beharra dagoela aitortu du Martínezek: «pozoia denean bakarrik izan daiteke neurri hori baliagarria. Iltzeak edo kristalak tartean daudenean, berriz, kalteak eragin ditzakegu, urradurak eragin ditzakegulako oka eragiterako orduan». Hori dela eta, zentzudunena zuzenean klinika batera joatea dela azaldu du, bertan albaitariek hartu beharreko neurriak har ditzaten. «Animalia bat intoxikatzen denean, hura lasaitzeko lasaigarriak eman behar izaten dizkiogu askotan. Ondoren, urdail-garbiketa egin ohi diogu, eta, azkenik, tratamendua ipini. Baina, tamalez, beti ez da onik ateratzen. Kasu bakoitza ezberdina da», deitoratu du albaitariak.
Berbarako, Iñigo Esteban Lezkano gazte algortarraren txakurraren kasuan, ezin izan zuten ezertxo ere egin hura onik ateratzeko. Gazteak akorduan duenez, joan den 2013ko abenduaren 11n hil zen Kala, «hiruzpalau eguneko kontua izan zen. Hasieran ondo zegoen, baina pixkanaka-pixkanaka arraro zegoela nabaritzen hasi nintzen». Gogoratzen duenez, Kala txakur aktiboa zen, leku batetik bestera arazo barik ibiltzen zena, edozein ehiza-txakur moduan. Hala ere, halako batean, jateari utzi zion. «Hori ez zen ezohikoa, noizbait egin zuen goizeko pentsua ez jatearena, baina halakoetan gauean jaten zuen bai! Hurrengo egunean, goibel ikusi nuen, geldiagoa. Kakapirria zuen eta noizean behin oka egiten ahalegintzen zen, baina alferrik, ez zuen ezer botatzen, ez zuelako ezer jaten. Orduan bai, hori dena arraroa egin zitzaidan, eta albaitariari deitu nion». Hark gastroenteritis bat izan zitekeela erantzun zion; baina, hurrengo egunean txakurrak okerrera jo zuen. «Kala sukaldean botata zegoen, mugitu ezinik, odolez inguratuta. Odola zerion ipurditik, eta, zuzenean, albaitariarenera eraman nuen. Hala ere, alferrik izan zen, bertara heldu eta ordu erdira hil zen...».
Klinikako albaitariak zuzenean ebatzi zuen pozoiaren eraginez intoxikatuta egon zitekeela, baina gazteak ez dauka argi non jan ote zuen hori. Delikako baserrian zegoela hasi zen txakurra arraro sumatzen; baina, herri horretan ez zuen ezer aurkitu. Gainera, toxiko batzuen sintomak pozoia irentsi eta hainbat egunera agertzen direla jakinda, txakurrak amua Algortan irentsi ahal izan zuela uste du Estebanek, «Larrañazubi inguruan edo».
Animalien kontrako tratu txarren delitua
Animaliak hiltzeko pozoia edo bestelako elementuak erabiltzea animalien tratu txarrei lotutako arau-haustea eta osasun publikoaren kontrako arazo larria da. Kode Penalaren 2015eko uztailaren 1eko erreformaren ostean, 337 artikuluak dio arau-hauste hori «oso larria» dela. Horren arabera, animalia hiltzen bada, zigorra sei eta hamazortzi hilabeteko kartzelaldia izan daiteke, eta bi edo lau urteko gaitasungabetzea ezar diezaiokete heriotzaren eragileari; osterantzean, isun ekonomiko bat izan ohi da zigorra.