Loreak, zinema eta sinergia ketuak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Urraza 2015ko ira. 28a, 12:25

ANDY HANSONEN DOSIA

 Tabakalera, euskal zinearen bultzatzaile sinergikoa eraiki bitartean, produktora askok ateak itxi dituzte eta luzemetraiak estreinatuta zituzten zenbait zinegilek ogibidea laga, euren hautsontzietan ez baitzen osteko zigarrokin gehiago kabitzen. Film bat aurrera ateratzea oso zaila da, ona egitea are zailagoa, faktore askoren sinergia behar da, bat dirua da noski. Hizkuntza minorizatu batetan filmatzeko, instituzioen bultzada ezin bestekoa da, luzemetraiarako bidea sustatu ezean, txalotutako Kimuak, ekimen herrena dira, Bilbao Athletic, Athletic gabe existitzea bezain absurdua.

 Loreak  bezalako produktu borobilak, Basque Country irudia munduan zehar zabaltzen du edozein torloju enpresak baino hobeto, eta funtsezko euskal marka zabalduz: euskera bera. Euskal kultura eta hizkuntza ninguneatu ohi duen estatuko zine akademiak, bere kalitatearen aurrean errenditu eta Oscar-etara joateko aurre hautatu du. Imajinatu foreign language-eko kategoriarako, urtero zuzenean bidal genezakeela euskeraz sortutako film bat, balizko euskal akademia batek hautatua; eta Loreak-en maila noiz behinka lortuz, agian finalera heldu. Horretarako, urtean film bat edo bi baino dexente gehiago ekoiztu behar dira, eta telebista publikoan, reality-ak, debateak eta horietako aurpegi ezagunekin egindako udako programa freskuez gain, fikzio interesgarria produzitu behar da; zuzendari, gidoigile, aktore eta abarrok sasoian egon behar dugu, direlako faktore sinergikoen lerrokatzea gertatzen denerako, Loreak  bezalako maisu lanak sortu ahal izateko. Bestela, euskal zinearen etorkizuna Tabakaleran baino, inoiz eraiki beharko ez luketen errauskailuan legoke-eta.

 

Andy Hansonen dosia
Jon Urraza
aktorea
Hiruka 31. paperezkoa 2015-09-24

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun