Pinosolo auziagaz, berriro hutsetik hasi da Leioako PSE-EE

Iker Rincon Moreno 2015ko uzt. 21a, 18:19

Uztailaren 10ean izenpetu zuten Udal Gobernua osatzeko hitzarmena EAJk eta PSE-EEk.

Leioako EAJgaz Udal Gobernua osatzeko hitzarmena izenpetzea "erraza egin ez" zitzaiela adierazi zuen Juan Carlos Martinez Leioako PSE-EEko bozeramaileak, joan den eguenean egindako ez ohiko osoko bilkuran; "Bizkaia osoan azkenak izan ginen akordioa sinatzen", gaineratu zuenez. Izan ere, usteko irregulartasunak argitzeko, Pinosolo auzia ikertzeko batzordean mantendutako jarrera aktiboaren ostean, EAJgaz hitzarmena eginda, "arduragabekeriaz jokatzea" egotzi zien Xabier Olabarrieta PPko ordezkariak sozialistei. Bitartean, "EAJren inbestidura babestu bai, baina Udal Gobernuan sartuko ez zirela" uste zuen Arkaitz Fullaondo EH Bilduko eledunak. Martinezek "klabe positiboan begiratzeko unea" zela erantzun zien bata zein besteari.

"2012ko abenduan ikerketa batzordea abian jarri genuenean, gaia udal batzarrean konpondu behar zela esan genuen, auzitegiek hartzen duten erabakiei kalte egin barik; eta horrela egin dugu", aipatu zuen PSEko bozeramaileak. Hain zuzen ere, azaroaren 11ko osoko bilkuran, Pinosoko ikerketa-batzordea itxitzat eman zuten, EH Bilduren, PSEren era PPren botoez. Ustezko irregulartasunak "frogatutzat" eman zituzten oposizioko alderdiek: kiroldegiko proiektua lehiaketa publikora atera baino lehen, Arcain enpresagaz elkarlanean ibili ei ziren aurreko alkate Eneko Arruebarrena eta Jon Loizaga zinegotzi ohia, ondorioztatu zutenez. Orduan Udal Gobernua osatzen zuten EAJk eta Ezker Batuak, ostera, sutsuki defendatu zuten agintarien "errugabetasuna". Zortzi hilabete geroago, Udal Gobernua osatzeko hitzarmena izenpetu dute EAJk eta PSEk.

Etika Publikorako Batzordea

Bestalde, Eusko Legebiltzarreko EH Bilduk "penagarritzat" jo du Jaurlaritzaren Etika Publikorako Batzordeak Arruebarrena Pinosolo auzian izandako ustezko ardurak aztertzeari uko egin izana. Koalizio abertzalearen ustez, aipatutako batzordeak "inplizituki babestu du" udal agintari izandakoa Metro Bilbao garraio enpresako kudeatzaile postuan jarraitzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun