Pinosolo auzian, "eskuak garbitzea" egotzi dio EH Bilduk Jaurlaritzako Etika Batzordeari

Iker Rincon Moreno 2015ko uzt. 15a, 17:00

Eneko Arruebarrena, eskuinean, Eusko Legebiltzarreko Ingurumen eta Lurralde Politika batzordean, EH Bilduren eskariz, martxoaren 25ean. IREKIA - EUSKO JAURLARITZA

EH Bilduk "penagarritzat" jo du Eusko Jaurlaritzaren Etika Publikorako Batzordeak Eneko Arruebarrena Leioako alkate ohiak Pinosolo auzian izandako ustezko ardurak aztertzeari uko egin izana. Koalizio abertzalearen ustez, aipatutako batzordeak "inplizituki babestu du" udal agintari leioztarra izandakoa Metro Bilbao garraio enpresako kudeatzaile postuan jarraitzea. Pinosoloko proiektuari buruzko ikerketa batzordeak "ustelkeria zantzu garbiak" azaleratu zituen 2014ko azaroan; Eneko Arruebarrena alkate ohia eta Jon Loizaga Kirol zinegotzi ohia —biak ala biak EAJkoak— lotzen ditu ustezko irregulartasunakaz. "Ku­tunkeria" sus­moak tarteko, birritan es­­leitu be­har i­­zan zituzten kiroldegia altxatzeko la­nak. Hala ere, Arruebarrena Metro Bilbaotik "berehala kaleratzea" eskatzeari uko egin zion ekainaren 15eko osoko bilkuran Eusko Legebiltzarrak, EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu ostean. Etika Publikoaren Batzordearengan utzi zuten erabakia.

EH Bilduk gogoratutakoaren arabera, fiskala Arruebarrenaren eta Loizagaren jarduna ikertzen dabil, "biek delitu ekonomiko larriak" egin zituztelakoan, eta Legebiltzarrak Etikarako Batzordearen esku-hartzea eskatu zuen horregatik. Hala ere, Igor Lopez de Munainek salatu duenez, "gaur bertan batzorde horren irizpena ezagutu dugu, Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramaileak sinatuta, eta bistan dago eskuak garbitzea erabaki dutela". "Diotenez, Lakuako Kode Etikoak ez dio Arruebarrenari eragiten eta bera Metro Bilbaoko kudeatzaile izendatu aurretik gertatu zen fiskala ikertzen dabilen kasua. Irizpide hori aplikatuko bagenu, kudeatzailea Barcenas izango balitz, kasu horretan ere Erkoreka buru duen batzordeak ez zuen horren aurka berbarik esango. Zertarako balio du orduan organo horrek?", esan du koalizio abertzaleko bozeramaileak.

EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, "Batzorde Etikoa EAJren eta PSE-EEren itxurakeria babestera dator, alderdi horiek biek ederki zekitelako zein izango zen emaitza, erakunde horren esku-hartzea eskatu zutenean. EAJk gardentasun eta eredugarritasun itxura eman gura zuen, besterik ez; eta PSE-EEk, ordura arte Arruebarrena kargutik kentzea eskatu arren, jokoan sartzea onartu zuen, horrek hainbat kargu eskuratzeko aukera emango ziolako". Koalizio ezkertiarraren ustez, PSE-EEren jokaera "benetan lotsagarria" izan da kasu honetan, "bere burua kargu batzuen truke saldu duelako”.

Daborduko, Eusko Legebiltzarraren ekainaren 15eko osoko bilkuran, PSE-EEren "erabateko iritzi aldaketa" gaitzetsi zuten EH Bilduk, PPk eta UPyDk. Arruebarrena Metro Bilbaoko zuzendari izendatzeagatik, Ana Oregi Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika sailburuaren azalpenak ere eskatu zituzten, Rosa Diezen alderdiaren ekimenez. EAJk eta PSE-EEk, ostera, proposamena atzera bota zuten. Hala, "Oregi sailburua salbatzearen atzean, akordio sekretua edo prebenda bat" zegoela salatu zuten EH Bilduk, PPk eta UPyDk. EAJk eta PSE-EEk hurrengo egunean iragarri zuten foru eta udal erakundeetan "gehiengo egonkorrak osatzeko akordioa". Berbarako, Leioan, alderdi bietako ordezkariakaz osatu dute Udal Gobernua, osoko bilkuretan gehiengo osoa bermatuz.

Arruebarrenaren azalpenak

Leioako alkate izandako Eneko Arruebarrena Metro Bilbaoko zuzendariak martxoaren 25ean agertu behar izan zuen Eusko Legebiltzarreko Lurralde Politika eta Ingurumen Batzordearen aurrean. Kale egindako Pinosoloko kiroldegiko proiektuari buruz berbarik ez zuen esan udal agintari ohiak, aipatu batzarrera "Metro Bilbaoko zuzendari gisa deituta" zegoela uste zuelako. Gaineratu zuenez, "bost urteetan zehar daborduko eman ditut azalpenak udal batzar eta Leioa Kirolak erakundeko batzorde askotan". Amaitu zuenez, "Fiskaltzak edo epaileak eskatzen baldin badu, lasaitasun osoz joango naiz beraien aurrera". EH Bildu, PSE-EE, PP eta UPyDren galderei ez zien erantzun gura izan Arruebarrenak.

"Erakunde publikoetatik urruti egon behar zen pertsona, beste erakunde publiko baten buru jarri dute EAJk eta Lakuak. Hain zuzen, ardura handiagoko kargu batean jarri dute, Leioako Udalak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek kargutik kentzea eskatu duten arren", esan zuen orduan Igor Lopez de Munain legebiltzarkideak. Bitartean, Lurralde Politika eta Ingurumen Batzordera ere deitutako Ana Oregi sailburuak Arruebarrenaren "gaitasuna eta profesionaltasuna" nabarmendu zituen, "edozein zalantzaren gainetik". Izan ere, EAJk Arruebarrenaren kontrako "lintxamendutzat" jotzen du Pinosolo auzia.

Edozelan ere, Lopez de Munainek gaur salatu duenez, "Arruebarrenak ardura argiak ditu lagunkeria kasu batean eta, ondorioz, Lakuako Batzorde Etikoak gertatutakoa aztertzeari uko egin badio ere, ez du zilegitasunik elkarte publiko batean izendapen libreko kargu bat hartzeko. Hortaz, Arruebarrenak Metro Bilbaoko kudeatzaile jarraitzeak ez du batere laguntzen alderdiek eta instituzioek herritarren konfiantza berreskuratzeko". Hori dela eta, EH Bilduk "berehala kargutik kentzea" exijitu du berriro ere eta, "Jaurlaritzak eskari hori aintzat hartzen ez badu, proposamen zehatza aurkeztuko dugu Legebiltzarrean helburu horregaz", gaineratu duenez.

EAJren aldizkaritxoa

Pinosolo kiroldegiko proiektuari buruz, aldizkaritxoa ba­natzen ibili zen otsailean Leioako EAJ. Jeltzaleen iritziz, udal a­gin­tariek "gardentasun o­­soz" jokatu zu­ten egitasmoa ku­dea­tzeko orduan. "Ustelkeria zantzu garbiak" azaleratu zituen ikerketa-ba­­­tzordeak "zu­zenbidearekin bat ez datorrela" zioten. Baina, irre­gu­lar­tasunei ezik, o­­po­­sizioko alderdiei (PSE-EEgaz hitzarmenik ez zeukaten orduan) le­poratzen zien EAJk "herriari o­­nura handiak" e­­ka­­­rriko zizkion e­gi­­tasmoa gelditu iza­­­na. Kanpoko ige­rilekuak zein pa­­­del eta tenis pistak 2010ean za­bal­du ziren. Baina, 2011ko u­dal hau­teskundeen ostean, Bilduk, PSE-EEk e­ta PPk ki­roldegi estaliko egitasmoa ber­tan be­hera utzi zuten. "Proiektuaren i­daz­keta-lanek eragindako 1,6 milioi eu­­roko diru-zorra" ordaindu behar i­za­­­naren errua ere aipatutako alderdi horiei egotzi die EAJk.

EH Bilduren ustez, ostera, aldizkari horregaz jeltzaleek "gertatutakoa manipulatzen" zuten, "informazio adierazgarriak ezkutatzen" zituzten eta "gezurra erabiltzera ere ausartu" egiten ziren. Horregatik, EH Bilduk U­da­lari, eta zehazkiago, EAJ eta Ez­ker Batuaren Udal Gobernuari es­ka­tu zien Kultur Leioan Pinosolo auziari buruzko so­­lasaldi irekia dei­tzea, "denok o­­nar­tutako pertsona in­partzial batek gi­datuta, eta Udalean or­­dezkaritza dau­­­­­katen talde politiko guztiek parte hartzeko aukera izan dezaten".

Hala ere, hilabeteak aurrera egin eta, berriz ere, udal hauteskundeak irabazi ditu EAJk; PSE-EEgaz lortutako akordioari esker, gehiengo osoa daukate udal batzarretan; eta Pinosolori dagokionez, "berriro hutsetik hasiko" direla ematen du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun