Pinosolo auziaren ikerketa bertan behera utzi du Fiskaltzak

Iker Rincon Moreno 2015ko ira. 25a, 22:30

Eneko Arruebarrena, eskuinean, Eusko Legebiltzarreko Ingurumen eta Lurralde Politika batzordean, EH Bilduren eskariz, martxoaren 25ean. IREKIA - EUSKO JAURLARITZA

Pinosolo auziaren inguruko diligentziak artxibatzea erabaki du Carmen Adan del Rio Bizkaiko Lurralde Auzitegiko fiskalak. Europa Press albiste agentziaren eskuetara heldu omen da magistratuaren ebazpena; zortzi hilabetez ikertzen jardun ostean, deliturik egon ez zenik adierazteko "frogarik ez" dagoela ei dio Adan del Rio fiskalaren txostenak. EAJren Bizkaiko Buru Batzarrak (BBB) pozik hartu du fiskalaren erabakia: jelkideen arabera, "dekretu honek Eneko Arruebarrena (Leioako alkate ohia eta Metro Bilbaoko zuzendaria) eta Jon Loizagaren (Leioako zinegotzi ohia) ohorearen inguruan egon litezkeen zalantza guztiak argitzen ditu". Leioako EH Bilduk ere eduki omen du txostena irakurtzeko aukera; lehen irakurketaren ostean, kasua artxibatzeko arrazoia "delituen preskripzioan" oinarritzen dela aipatu du koalizio soberanistak. "Ondorioz, fiskalak ezin dezake eman diren irregulartasun zantzuetan sakonago ikertu. Beraz, artxiboa preskripzioaren ondorioa izan da eta ez irregulartasunak eman ez direla egiaztatu delako", gaineratu dute ezkertiarrek.

2014ko azaroaren 28an, Javier Ruiz Bizkaiko PPko idazkari nagusiak aurkeztu zuen Arruebarrena eta Loizagaren kontrako salaketa, Pinosoloko kiroldegiko eraikuntza-lanak esleitzeko orduan irregulartasunak egon zirelakoan.

"Leioak ez du jakingo benetan zer gertatu den Pinosolo auzian. Hala ere, fiskalaren idazkia irakurri ondoren ikusi dugu nola EH Bildu Leioan mahai gainean jarri izan dituen irregulartasun zantzuak eta datuak zuzenak eta oinarrituak izan direla. Berez fiskala bere idazkian horietan oinarritzen ditu bere azalpen asko. Zoritxarrez ikerketak ez du aurrera joko", azaldu du Leioako EH Bilduk, urgentziaz egindako balorazioan. Halaber, EAJk egindako "hotsandiko balorazioa tokiz kanpo" dagoela adierazi du koalizio abertzaleak.

Jelkideen iritziz, "zentzurik eta arrazoirik gabeko salaketak izan dira, zeintzuetan PP eta EH Bildu elkarrekin joan diren, inolako lotsarik gabe, EAJk irabazi duen izen eta ospe ona zikintzeko asmo argiarekin". Gauzak horrela, BBBk alderdi biei eskatu die "arrazoirik gabe eta asmo txarrez eginiko salaketak aurkezteari utz diezaiotela".

Leioako EH Bilduren ustez, ostera, EAJ pozik dago "preskripzioaren ondorioz bere bi kargu publikok ikerketa saihestu duelako". "Hala ere, berri hau ez da bat ere ona leioaztarrentzat, ezta euskal gizartearentzat ete. Berriro ere, ustelkeriak eta irregulartasunek preskripzioan topatu dute aliaturik onena", dio koalizioak. Urgentziazko balorazio honen ostean, hurrengo egunetan sakoneko balorazio bat publiko egingo du Leioako EH Bilduk.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun