Andoni Hernandezi omenaldia egingo diote bihar

Iker Rincon Moreno 2015ko urr. 9a, 11:31

Omenaldira deitzen duen kartela.

Zapatu honetan, urriak 10, omenaldia egingo diote Andoni Hernandez Ibarluzea euskal iheslari politikoa zenari; 13:00etan, Plaza Gorrian. Errefuxiatu leioaztarra irailaren 12an zendu zen Baionako ospitalean, minbiziaren ondorioz; bost egun geroago gorazarre egin zioten Miarritzeko erraustegian. Pili Artze Abascal bere bikotekideagaz batera, 1987an ihes egin zuen Euskal Herritik, ETAren Bizkaia Komandoko kideei alojamendua eman izana leporatzen zietela jakin ostean. Urteetan tortura, atxiloketak eta konfinamendua jasan zituzten biek. Bizitzaren azken urteak Arbonan (Lapurdi) eman zituen Hernandezek.

Pili Artze Abascal bere bikotekideagaz batera, Hernandez 1987an errefuxiatu zen Estatu frantsesean, ETAren Bizkaia Komandoko kideei alojamendua eman izana leporatzen zietela jakin ostean. Handik Uruguaira joan zen biak eta bertan "ustezko polizia espainolek bahitu eta torturatu" zituzten, Leioako Ezker Abertzaleak iheslariaren heriotza ezagutzean adierazi zuenez. Estatu frantsesera itzultzean, Paben atxilotu zituzten Hernandez eta Artze. 1995eko maiatzean, ostera, Montoubannen konfinatuak izan ziren, Euskal Herritik 500 kilometrora. Geroxeago departamendu berdineko beste hiri batean, Valence D’Agenera konfinatu zituzten.

Pili Artzek eta Andoni Hernandezek, euskal errefuxiatu politikoen kolektiboak konfinamendua apurtzeko erabakiarekin bat eginda, Euskal Herrian bizitzeko eskubidea aldarrikatu zuten Baionako katedralean itxialdia burutuz. Azkenean, Arbonan (Lapurdi) finkatu ziren nahiz eta kanporatuak izateko arriskuan egon.

"Bere bizitzaren azken urteetan Arbonan (Lapurdi) bizi izan da Andoni. 2014an iheslarien kolektiboak hartutako erabakiarekin bat eginez, Leioara itzuli zen, nahiz eta Arbonan bizitzen jarraitu behar izan", azaldu zuten ezkertiarrek.

"Andoni, preso eta iheslarien kolektiboko gainerako kideen modura, Euskal Herriko gatazkaren konponbidean eragile politiko aktiboa izan da. Bizitza osoa Euskal Herriaren aldeko borrokari emana, gudari eredugarria", amaitu zuen Leioako Ezker Abertzaleak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun