Herrigunetik kanpoko aparkalekuetan 1,6 milioi euro gastatu omen ditu Leioako Udalak

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 12a, 16:58

Zinegotzi ezkerzaleak Sabino Arana konpontzeko proposamena aurkezteko prentsaurrekoan. LEIOAKO EH BILDU

Visesari aparkatzeko 99 leku erostea erabaki du Leioako Udal Gobernu Taldeak, EH Bilduk zabaldu duenez. Koalizio ezkerzalearen berbetan, Leioandin eraikitzen dabiltzan etxeetan kokaturik egongo lirateke denak, "herri-erdigunetik urrun". "Dekretu bidez" hartutako erabakia Sabino Arana kalea konpontzeko Gasteizko Gobernuak egingo duen bi milioi euroko aurrerapenagaz lotu du koalizio ezkerzaleak.

"Ez da kasualitatea erosketa hau, tranbia proiektuaren baitan, Sabino Arana kalea konpontzeko Eusko Jaurlaritzak bi milioi euroko aurrerapena egingo duen garaian ematea. Hau da, Eusko Jaurlaritzak milioi bi aurreratzen dituen bitartean, Udalak 1,6 miloi euro ordaintzen dizkio aparkalekuetan. Eta guzti hau, eztabaida eta informaziorik gabe. Horrek, Sabino Arana kaleko obra leioaztarron artean ordainduko dugula dakar, propaganda eta publizitatearen bidez Eusko Jaurlaritzak ordainduko duela errepikatzen duten arren", salatu du Leioako EH Bilduk.

Erosketa hau "inongo eztabaidarik gabe" egitea "onartezina" dela uste du koalizioak; "are gehiago, Hirigintza Batzordea asteak daramatzanean bildu barik".

Sabino Arana kaleko lanak "hastear"

Agintari leioaztarrek orain gutxi plazaratutako martxoko udal aldizkarian (pdf) zabaldutakoaren arabera, Sabino Arana kaleko konponketa-lanak "hastear" daude. Eusko Trenbide Sareak bi milioi euro jarri ditu lanetarako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun