Umore Azokan 38.000 ikusle egon dira

Iker Rincon Moreno 2016ko mai. 23a, 19:15

Aurtengo ikuskizunetako bat. © UMORE AZOKA

Lau egunez kale-arteen hiriburu bihurtu du Leioa XVII. Umore Azokak; denera, 38.000 ikusle egon dira azokan, iaz baino 11.000 gehiago, antolatzaileek emandako datuen arabera. "Egiten dugun balorazioa ezin da baikorragoa izan. Edizio biribila izan da, eskaintza pluralagaz era guztietako ikuslearengana iritsi garelako”, adierazi du Ana Lopez jaialdiko zuzendariak.

Euri-mehatxua egon da asteburu osoan, baina programatutako 125 emanaldietariko hiru bakarrik gelditu dira bertan behera. "Taldeen jarrera zoragarria izan da", azaldu du zuzendariak. "Euri-zaparradak hastean ere prest egon dira apur bat eutsi eta euren saioakaz aurrera jarraitzeko". Pinosoloko parkean domekarako antolatutako ekitaldien eta Leioako taldeen emanaldiz osatutako egitarauaren "arrakasta" ere nabarmendu dute antolatzaileek; izan ere, aurten lehenengo aldiz eduki dute talde leioaztarrek atal propioa azokan. Bestalde, aurten lehenengo aldiz luzatu da festa domeka gauera arte, parkean. Antolatzaileek zehaztu dutenez, ezin harrera hobea izan dute proposamen biek, herritarren artean.

Jarduera profesionala

Publikoaren presentzia eta gertutasuna nabarmentzeaz gainera, azoka egunetan izan den jarduera profesionala ere azpimarratu dute antolatzaileek. "Esan genuen Umore Azoka festa, jaialdia eta azoka bilakatzea zela asmoa, eta horixe da lortu duguna". Sektorearentzako eta profesionalentzako topagune garrantzitsua da azoka; izan ere, profesionalen arteko hartu-emana sustatu eta sektorea sendotzeko ekitaldi sorta antolatu dira. Artekale espazioan egindako topaketak dira horren adibide, Umore Azokan egindako sektorearen bilerak ere bai: SAREA Euskadiko antzoki-sarearen biltzar orokorra, Espainiako Kaleko Arteetako Profesionalen Elkartearen sorrera-akta ofizialki sinatzeko ekitaldia, eta II. Akitania-Euskadi Topaketa, kasu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun