"Azken asteotan behin eta berriz gertatu den egoera honen aurrean, eta langileen eta ikasleen segurtasun fisikoa babestu nahian", EHUk Ertzaintzari deitu dio, Unibertsitateko arduradunek gaineratu dutenez. Euren berbetan. "ertzainek zenbait lokal miatu dituzte, ikasle talde batek kudeatutako ikasgela batetik zenbait material konfiskatu dute (pankartak, pintura eta material piroteknikoa) eta egindako kalteen atestatua egin dute". Hainbat komunikabidek ikasle bat atxilotu dutela ere zabaldu dute; baina, identifikatu baino ez dute egin, HIRUKAk kontsultatutako iturrien arabera.
Euskal Herriko Unibertsitateko Errektoregoak ekintza hauek gaitzetsi ditu, "elkarbizitza eta eguneroko lana asaldatzen baitituzte"; eta bere elkartasuna adierazi die "izutuak izan diren langile eta ikasleei". "Unibertsitateko kolektibo guztiek argi eta garbi adierazi dutenez, unibertsitateko kideok arbuiatu egiten ditugu halako jokabideak. Sumindu egiten gaituzte, eta aldi berean akuilatu ere bai, gure erakundearen pluraltasun, irekitasun eta bakezaletasuna irmo defendatzen jarraitzeko", gaineratu dute EHUko arduradunek.
Leioako campusean elkartu ziren atzo
Atzo elkarretaratzea egin zuten Leioako campusean, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean herenegun izandako gertakariak direla eta. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua den Cristina Uriartek parte hartu zuen. EHUk salatu duenez, kontzentrazioa egiten zebiltzan bitartean, "unibertsitateari eraso zioten berriro": txanodun talde batek pintura bota ei zuen dekanotzako bulego batzuetan, eta atondoan eta atezaintzaren aretoan ere gorotz eta herdoila utzi zuten, Unibertsitateko-iturrien arabera.
Nekane Balluerka EHUko errektoreak gertakari horiek salatu zituen: "Unibertsitateko langileon eguneroko jarduerak gizarteari zerbitzu publikoa ematea ahalbidetzen du. Milaka pertsona daude irakasten, ikasten, lan egiten, ikertzen eta gizarte hobea eraikitzen ari direnak. Onartezina da langileon eskubideak urratzea eta beren osotasun fisikoa ere arriskuan jartzea. Gure unibertsitatearen zeregina foro ireki gisa azpimarratu nahi dugu. Foro horretan pertsona guztiek daukate aldarrikapenak egiteko eta mota guztietako proposamenak eztabaidatzeko aukera. Eta, azkenik, espazio publikoa defendatu behar dugu, guztion espazioa delako, eta hor ezin dute lekurik izan pertsona gutxi batzuen larderiazko jarrerek". adierazi zuen.
Bitartean, EHUko 20 fakultate eta eskoletako dekano eta zuzendariek "gaitzespena eta haserrea" adierazi zuten, Leioako campuseko Gizarte eta Komunikazio Zientzietako Fakultateko dekanotzan eta Gasteizko Letren Fakultatekoan gertatutakoen aurrean. Halaber, "babesa eta sostengua" eskaini zieten, gertaeretan kaltetutako lankideei.