Ikasle bati sexu abusuak egiteagatik Gazteluetako irakasle bati 11 urteko kartzela zigorra jarri izanari "bidegabekeria" iritzi zion atzo ikastetxeko zuzendari Imanol Goyarrolak. Prentsaurrean egindako agerraldian egin zituen adierazpenok Goyarrolak, eta baita salatu ere "babesgabe" sentitzen direla. Irakasle ohia eta ikaslea biltzen ziren bulegoa ikustera ere gonbidatu zituen kazetariak, akusazioaren bertsioa gezurtatu asmoz.
Goyarrolaren adierazpenak eta ikastetxeren jarrera gaitzetsi egin ditu Juan Cuatrecasasek, abusuak salatu dituen gaztearen aitak, eta ez du baztertu paitegietara jotzea. "Epaiak epaileek ematen dituzte, ez Gaztelueta ikastetxeak, ez fiskalak, eta ezta Goyarrola jaunak ere", adierazi du gaztearen aitak eta gogorarazi du 11 urteko zigorra ezarri diotela irakasleari: "Nahiz eta hura Gorenak berretsi behar duen, ez dira onargarriak biktimaren aurkako etengabeko erasoak".
Gazteak "arazo psikologikoak" zituela esan izana ere gogor gaitzetsi du Cuatrecasasek, eta erantzun inolako arazorik badu erasoen ondorioz izan dela. "Goyarrolak eta ikastetxeak erantzun egin beharko dute. Gauza bat da pazientzia edukitzea eta egoerari aurre egitea, eustea. Baina atzokoa azken kolpea izan zen. Gizarte osoak ikusi du nolakoak diren".
2008tik 2010era bitartean Gaztelueta ikastetxean sexu abusuak egin izana leporatuta epaitu zuten irakaslea joan den urrian. Gaztearen familiaren abokatuak hamar urteko eskaera egin zuen; larrigarriak onartuz gero, hamalaukoa. Azkenean 11 urteko zigorra ezarri zion epaitegiak, eta Gorenak azken erabakia hartu bitartean astero joan beharko du epaitegietara.
Albiste hau Berriak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu HIRUKAra.