Bulebarreko obeliskoaren ondoan paratuta, La Avanzadako errepidea ipini zuen Lander Martinezek "bi abiadurako Euskadiren" adibidetzat. "Benetako Euskadik errepidea lurperatzeko eskatzen du", adierazi zuen Martinezek eta EAJri aurpegiratu zion bien bitartean zalantzazko onurak izango dituzten azpiegituretan inbertitu gura izatea.
Jose Ignacio Vicente Leioako zerrendaburuak udalaren "puntu beltzak" salatu zituen. Argiteria-falta da horietako bat ("laster linterna eta guzti irten beharko dugu kalera"), osasun-etxearen txikitasuna eta espezialitaterik eza beste bat, Vicenteren esanetan. Auzoei behar bezalako zerbitzua emango dien garraio publikoaren beharra ere aldarrikatu zuen alkategaiak, eta La Avanzadako errepideak dakarren kutsaduraz ere kexatu zuen. "Puntu ilun" horiei aurre egiteko bere programa aurkeztu zuen, eta besteak beste Leioako hainbat udal-zerbitzu berriro udalak berak zuzenean kudeatzearen alde agertu zen.
Bizkaiko Ahaldun Nagusi izateko Elkarrekin Podemosen hautagai Eneritz de Madariagak ere gogor kritikatu zuen EAJren jarduna: "Lurraldea eta haren zerbitzuak eta jendea zatikatzen dute, eskaintza onena egiten duenari saltzeko, proiektu handiak esleituz lagun eraikitzaileei, eta beharrezkoak ez diren lanak ordaintzeko diru publikoa xahutuz".