Udal-hauteskundeak 2019

Juan Carlos Martinez PSE-EEren alkategaiak ez du ikusten "benetako proposamenik gizarte-arloan"

Erredakzioa 2019ko mai. 17a, 19:19

© PSE-EE

Hauteskunde-ekitaldia egin du PSE-EEk Leioan, Juan Carlos Martinez alkatetzarako hautagaiaren eta Teresa Laespada, Bizkaiko Batzar Nagusietarako zerrendaburuaren berbaldiakaz. Gizartearen sektore ahulenentzat laguntza gehiago eskatu du Martinezek, eta eremu horretan udalerrian gaur egun dauden politikak kritikatu, eskastzat jota.

Leioan ez dago proposamenik politika sozialen arloan, hala uste du Juan Carlos Martinez sozialisten hautagaiak. Gaurko ekitaldian esan duenez, "inork ez du ezer proposatzen adinekoen alde, migratzaileen alde (Leioako biztanleen %8,2), gutxien daukatenen alde". Aurtengo lehenengo lau hilabeteetan udalerriko elikagai-bankuan 100 familia izan direla azpimarratu du Martinezek, "langabezia %10etik beherakoa izan arren". Politika sozialen ordez "kiroldegi berriak, kultur etxe berriak... adreilua eta adreilua eskaintzen direla iruditzen zait", gaineratu du.

Bere aldetik, Teresa Laespada Ahaldun Nagusi izateko PSE-EEren hautagaiak itsasadar azpiko tunelaz berba egin du, haren alde eginez: "Itsasadarren alde biak batzeko gura dut azpiegitura hori, lurralde-kohesioan arrakala izan den hori gainditzeko". Itsasadarren bazter biak bananduz, errealitate sozial bi banandu izan direla esan du Laespadak. Bestalde, la Avanzadarentzako alternatiba modura Leioako PSE-EEk aurretik egindako proposamen bat berretsi du: herria iparraldetik inguratuko duen bide berri bat egitea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun