"Ez dugu zorterik izan eguraldiarekin, baina Leioa Kaleko Arteen Hiria da, eta horrelako gertakariei arazo larregi barik aurre egiteko prest gaude", adierazi du Mari Carmen Urbieta herriko alkateak. "Garrantzitsuena da Umore Azokaren 20. edizioa ospatzeko gai izan garela eta egitarau ofizialeko 46 konpainiek euren ikuskizunak gutxienez saio batean aurkezteko gai izan direla".
Azokan zehar behin baino gehiagotan eskaini behar izan ziren ikuskizunen saio batzuk bertan behera utzi behar izan diren arren, denera 98 emanaldi eskaini dira. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, bertan behera geratu den ikuskizun "azpimarragarri bakarra" Tokiko Eszena ekimeneko bat izan da, "ezinezkoa izan baitzen Fidias Fundazioaren ikuskizunari programazioaren barruan beste leku bat aurkitzea".
Urbietak horrelako ekitaldi bat kudeatzeak duen zailtasuna azpimarratu du, eta bere esker ona erakutsi gura izan die "egun hauetan egindako lan nekaezinaren bitartez hori guztia posible egin duen Kultura Saileko taldeari, eta baita taldeei ere, gurekin lankidetzan aritu direlako, dena ahalik eta ondoen egiteko". Horrez gainera, alkateak modu berezian eskertu du "Leioako eta Bizkaiko beste udalerri batzuetako pertsonen pazientzia eta partaidetza, eguraldi txarrari kasu egin barik Umore Azokaz gozatzera gerturatu direlako".
Azokak topagune eta azoka profesional gisa betetzen duen egitekoaren barruan, Urbietak azpimarratu duenez, Leioan ia 200 programatzaile eta ikuskizunen kontratazio arduradun elkartu dira: "Horrek argi eta garbi uzten du Umore Azokak kaleko artisten jarduera profesionalaren motor eta dinamizatzaile gisa duen garrantzia".
"Umore Azoka Leioak 20 urte bete ditu eta, euria edo trumoia egiten badu ere, beti izango da gure nortasunaren parte. Leioan oso barruan daramagun apustua da", adierazi du Urbietak. Gogorarazi duenez, Leioako Udalak bere unean Artekaleren sorkuntza ere bultzatu zuen, eta bazkide sortzaileetako bat izan zen.