Udal-hauteskundeak 2019

Leioaztarren bizi-kalitatea bermatu gura du EAJk

Erredakzioa 2019ko mai. 24a, 15:21

Leioako EAJren hautagaitza. © EAJ

Esperientziaren alde egin du Leioako EAJk udal-hauteskundeetarako: bere zerrendako lehenengo bostak zinegotziak dira gaur egun. Denetan buru, Iban Rodriguez alkateordea. "Leioa sentitzen, ulertzen eta bizitzen dugu, buruan eta bihotzean. Leioarako amets bat dugu eta zurekin partekatu nahi dugu", azaldu dute jeltzaleek.

Iban Rodriguez alkategai jeltzaleak hauteskunde-kanpainan azaldu duenez, Leioan bizi diren pertsona guztien bizi-kalitatea "bermatu eta hobetu" gura dute, "inor atzean utzi gabe". Horretarako, aukera eta baliabidez beteko herrigunea sortu gura du EAJk. Hezkuntza arloan, institutua herrigunearen erdian eraikitzeko proposamena egin du talde horrek, baita osasun-zentroa udalerriaren beharretara egokitzekoa ere.

Leioan ohitura osasungarriak sustatu gura dituzte; hala, oinezkoentzako guneak sustatuko ditu EAJk, urbanoak eta berdeak. Era berean, auzoak berrituko dituztela iragarri dute, Pinueta, Lamiako eta San Joseko garapenei esker. Gainera, gazteentzako babestutako etxebizitzak eraikitzearen aldeko apustua egingo dutela agindu dute. 

Kiroldegi berri baten eskaerari erantzuna eman gura dio EAJk baita ere; kirola aire zabalean praktikatzeko guneak prestatuko dituzte baita ere. Era beran, eskaintza kulturala indartzeko ahaleginak egingo dituztela iragarri dute, baita kultur etxe berria eraiki Lamiakon ere, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun