Udal-hauteskundeak 2019

"Etorkizuneko Leioa denon artean eraikitzea" gura du EH Bilduk

Unai Brea 2019ko mai. 24a, 20:38

© LEIOAKO UDALA

Parte-hartzea da Leioako EH Bilduren hauteskunde-programaren ardatz nagusia, udalaren eraldaketan garrantzia izango duten gaietan herritarren erabakitzeko ahalmena handitzea gura baitu koalizioak. Herriaren erdialdea "pertsonen neurrira egitea", kiroldegi berria eraikitzea eta auzoak biziberritzeko parte-hartzezko plana garatzea dira gakoetako batzuk.

Leioa "denok duintasunez bizitzeko herri bilakatzea" aldarrikatzen du EH Bilduk bere hauteskunde-programan. Horretarako, besteak beste, erdialdea birdiseinatzeko plana dute hasteko zorian dagoen legealdirako helburuen artean. Diseinu horren ardatzetako batzuk izango dira La Avanzadako errepidea estaltzea ("lehentasunezko gaia" EH Bilduren iritziz), aparkaleku publiko gehiago egitea, eta erabilera ugariko ekipamendua sortzea, igerileku eta guzti.

Kiroldegia da hauteskunde-kanpainan asko aipatu den beste gai bat, eta Jokin Ugarte buru duen hautagaitzak ere badu horretaz zeresanik. Zehazki, azpiegitura berriaren ezaugarriak kirol-talde eta erabiltzaileen nahiak kontuan hartuta erabakitzea proposatzen dute, beti ere "kalitatezkoa, funtzionala eta jasangarria" izateko baldintzak beteta. Bestalde, erdialdean ez ezik auzoetan ere kirol-instalazioak egin daitezela gura dute.

Hain zuzen, Auzoen Mahaia sortzea EH Bilduren programaren beste gakoetako bat. Haren bitartez bideratu gura dituzte auzoen eraberritze-planak, tartean Pinuetakoa, Ikeakoa, Kandelazubietakoa eta San Juanekoa. Perurin, berriz, dominiken komentua berreskuratzearen alde daude.

Lehentasunezko beste lan-ildo bat alokairu soziala bultzatzea izango da, batetik diru-laguntza publikoen bidez, bestetik etxebizitza hutsak alokairua merkaturatzeko plana sortuz. HAPOan, beharrezkoak diren etxebitzen eraikuntza besterik ez aurreikustea defendatuko du koalizio abertzaleak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun