Iban Rodriguez alkateak (EAJ) eta Juan Carlos Martinez PSE-EEko zinegotziak eman dute akordioaren berri, Udaletxean egindako agerraldian. Alderdi biek esan dute konpromisoa dutela "politika publikoen ardatza pertsonak izateko eta denek kalitate oneko zerbitzu publikoetarako sarbidea edukitzeko". Enpleguan, etxebizitzan, kulturan, hezkuntzan, osasunean eta aisialdian aukera gehiago sortzeko borondatea agertu dute ordezkari biek.
Adierazi dutenez, oraingoz bai informazio-batzordeak bai osoko bilkurak goizez egingo dituzte, "batez ere zinegotzien eta udaleko pertsonalaren lan- eta familia-bizitza bateragarriak izan daitezen laguntzeko". Alkateordeak eta ordezkari bereziak izendatuta daude daborduko (hiru EAJkoak dira eta bi PSE-EEkoak) eta iraileko osoko bilkuran erabakiko dute zeintzuk diren gainerako arloetako zinegotzi ordezkariak.
Agintaldi honetarako proiektu nagusien artean, "udal-plangintza ahalik eta adostasun handienarekin" eguneratzea nabarmendu dute. Gainera, asmoa agertu dute Pinuetan plan berezi bat egiteko oinezkoentzat eta aparkatzeko eremua handitzeko; Artatzagana eta Basaez auzoetan konexioak hobetzeko; San Juan, Ikea Mendi, Iturribide eta Kandelazubieta inguruetako irisgarritasuna hobetzeko; Lamiakoko dartsena eta ibai ondotik doan errepidea oinezkoentzako eta txirrindularientzako berreskuratzeko; eta herriko erdigunea berritzen jarraitzeko.
La Avanzadako errepideari dagokionez, "gaur egungo trazadura hobetzea edo hautabide bat bilatzen jarraitzea" ipini dute lehentasun modura. Bestalde, Torresolon kiroldegi berria egiteko asmoa berretsi dute, "Sakonetako gaur egungoa ordezkatuko duena".
Gizarte-arloan, "pertsona etorkinen integrazioa hobetzeko" lan egingo dutela esan dute. Horretarako, II. Immigrazio Plana martxan ipini eta Zurrumurruen Aurkako Sarea indartuko dute.