Koronabirusa Uribe Kostan

Tokiko ekonomiari laguntzeko milioi bat euro bideratuko du Udalak

Unai Brea 2020ko mai. 8a, 17:33

© LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak 1.050.000 euro gastua iragarri du COVID-19 epidemiaren ondorioz kaltea jasan duten herriko enpresa eta negozioei laguntzeko. Diru horretatik, 850.000 zuzeneko laguntzerako izango da. Bertan behera utzitako egitasmoen aurrekontuetatik hartu da diruaren zati bat.  

Aipatutakoaz gain, Udalak asmoa du 100.000 euro bideratzeko osasun-arrazoiengatik egin beharreko instalazioak (manparak, bereizgailuak, metakrilato-xaflak...) ordaintzen laguntzeko. Beste 100.000, berriz, deskontu-bonuen bidez herrian erostea sustatzeko kanpaina bi antolatzeko erabiliko dira. Bestalde, tabernei ez zaie tasarik kobratuko terrazengatik.

"Funts horiek Ekonomia Sustapen Sailaren aurrekontuan dagoeneko sartutako funtsetatik datoz, beste sail batzuetatik indartzeko ekarri diren funtsekin batera, bai eta egin ezin izan diren edo ezin egingo diren beste proiektu batzuetara bideratutako partidetatik ere", azaldu du Udalak. 

Azkenik, gogorarazi gura izan dute harremanetarako telefono bat dagoela martxan, "hainbat neurriri buruzko zalantzak argitzeko eta enpresei, saltokiei, ostalaritzari eta autonomoei orientazioa emateko".

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun