"Atzerriko jatorria dutenei buruzko estereotipo, aurreiritzi eta zurrumurruen aurrean pentsamendu kritikoa sustatzeko sortu da taldea"
Zergatik dago zurrumurruen aurkako mugimenduak sortu beharra?
Zurrumurruen Aurkako Estrategia eraldaketa sozialaren aldeko sentsibilizazio eta parte-hartze egitasmo bat da. Eta atzerriko jatorria duten herritarrei buruzko estereotipo, aurreiritzi eta zurrumurruen aurrean pentsamendu kritikoa sustatzeko sortu da. Horretarako, hainbat herritar modu aktiboan inplikatu dira eta zurrumurruen aurkako eragile-sare bat sortu dute. Leioan dauden administrazio publiko eta elkarteetako langileak ere prozesuaren parte izaten ari dira.
Zurrumurrua diogunean zertaz dabiltza berbetan?
Nahiko ziklikoak izaten dira, hedabideetan agertzen diren berrien edo suertatzen diren zenbait gertakizunen araberakoak. Orain osasun-arloko batzuk egon dira, esaterako. Mota askotakoak izaten dira, egia esan.
Adibiderik?
Nahiago dugu zurrumurruen hedapenean parte ez hartu, eta beraz adibiderik ez eman.
Oraingo egoerak (osasun-krisia, konfinamendua…) zurrumurruak areagotzea ekarri du, edo kontrakoa?
Izan dira zurrumurru batzuk, bai, koronabirusarekin lotuta, esan dudanez adibide zehatzik aipatzea nahiago ez dudan arren.
"Komunikaziorako trebetasunak praktikan jartzen ditugu, hori izaten baita gure ahulgunea zurrumurruei aurre egiteko momentuan"
Zein da zurrumurruak zabaltzeko bidea?
Denetik dago, nire ustez. Normalean modurik tontoenean izaten da, batek bat lagun artean edo familian esandako zerbait... Whatsappez ere zabaltzen dira, askotan. Kontua da jakitea zer egingo dugun guk zurrumurruen aurkako agente gisa. Gure prestakuntza-taldeetan atal praktiko bat eskaintzen dugu, eta komunikaziorako trebetasunak praktikan jartzen ditugu. Azken batean, hori izaten da gure ahulgunea zurrumurruei aurre egiteko momentuan: batzuk urduri jartzen dira, beste batzuk haserre, oihuka… Azkenean ez diozu mezu hori bota duen pertsonari benetan entzuten, eta gure ustez, Zurrumurrurik Ez Estrategian hori da garrantzitsuena
Entzutea?
Bai, mezu horien atzean zer dagoen ulertzea, eta elkarrizketa hortik bideratzen dugunean askotan beldurrak, segurtasun eza, mesfidantza… eta halakoak aurkitzen dira. Horrela,. emozioari erreparatuz, pertsona horiengana hurbiltzen gara, eta mezuaren oinarrian zeuden aurreiritziek pisua galtzen dute. Normalean.
Lortu egiten da?
Hilero egite ditugun bileretan hausnarketarako tartea izaten da, eta askotan aipatzen da: “Aurreko egunean koadrilakoekin nengoen eta bat-batean batek ez dakit zer esan zuen, eta…”; eta sarritan gertatzen zaigu ez gaudela ohituta entzutera, eta entzuten duguna gustatzen ez bazaigu agian eztabaidan sartzen gara. Entzuten jakitea praktikan jarri behar dugu.
Zurrumurruari aurka egiteko eztabaidarik ez da behar, orduan?
Bai, baina eztabaida sutsua baino solasaldia izan dadila, aurrean dagoena errespetatu eta esaten duena kontuan hartu beharra dago. Askotan guk posizio bat hartzen dugu egiaren jabeak garelakoan, "zuk entzun behar duzu nik diodana", baina beste aldekoak ere bere egia du, orduan elkar ulertzeko prozesu bat sortu behar da.
"Datuak oso baliagarriak dira daude baina batzuetan ez dira eraginkorrak, zurrumurruaren oinarrian benetan dagoena emozioa delako"
Zelan argudiatzen da zurrumurruen aurka? Datu zehatzak emateak balio du?
Guk hainbat prestakuntza eskaintzen ditugu eta datuei buruzko atal teorikoa ere badugu. Datuak oso baliagarriak dira baina batzuetan ez dira hain eraginkorrak. Nik esaten badut zerbait oso arrazionala eta besteak emozioez hitz egiten badu, agian beste bide bat erabili beharko dugu elkar ulertzeko. Normalean emozioek garrantzi handia izaten dute zurrumurruen sorreran: beldurra, mesfidantza eta halakoak.
Zer egin behar luke zuen sarean parte hartu gura duen norbaitek?
Mezu bat bidali gure posta elektronikora: amekadi@gmail.com