Maiatz erdialdean iragarri zuen Udalak aurten ez zirela UDA udalekuak egingo, segurtasunagatik, eta ekainean, berriz, UdaLeioan kanpaina egingo zutela, bestelako baldintzetan aisialdi-aukerak eskaintzeko herriko umeei. Horren zuzeneko jakinarazpenik jaso ez izanaz kexatu dira udalekuetako lan-poltsa publikoko langileak.
Gaineratu dutenez, Udalagaz harremanetan jarri ziren gaiaz galdetzeko, eta han erantzun zieten "azpikontratutako enpresa batek kudeatuko zuela" UdaLeioan kanpaina. Ekainaren 29an, udalekuok hasi baino egun bi lehenago, udal-langileek zein enpresa izango zen artean ez zekitela esan ei zieten begiraleei.
Gauzak horrela, hiru puntuko adierazpen hau kaleratu dute UDAko begiraleek:
- "COVID-19 pandemiaren aitzakia hartuta, urteetan zehar publikoa izan den zerbitzuaren kudeaketa pribatizatu izana salatu nahi dugu.
- Pribatizazioaren ondorioz, Leioako gazte asko lanik gabe geratu izana ere salatzen dugu, urteetan zehar lanpostuak esleitzeko erabilitako lan-poltsa publikoa albo batera utzita. Azpimarratzekoa da, gazte askorentzat urteko diru sarrera bakarra izan ohi dela udalekuena, eta egun bizi dugun krisiaren testuinguruan, are egoera larriagoan uzten gaituela guzti honek. Izan ere, Udalak udalekuen kudeaketa enpresa pribatu bati esleitzeaz gain, ez du lan-poltsa publikoko langileon lanpostua bermatu.
- Prozesu guzti honetan begiraleok izan dugun desinformazioa eta gardentasun falta ere salatu nahi dugu. Hain zuzen ere, ez delako inor gurekin kontaktuan jarri aldaketa guzti hauen berri emateko"
Azkenik, datozen urteetarako udalekuen antolaketa publikoa berreskuratzeko eskaria egin diote Udalari.