Sakoneta kiroldegitik abiatuta, 11:40ean atera ziren Kurkudi mendira bidean, jai giroan, trikiti dinuakaz eta "SOS Kurkudi, zain dezagun" leloa aldarrikatuz.
Behin mendian, SOS Kurkudi! plataformako kideek egun horretarako prestatutako komunikatu bat irakurri zuten, salatzen zuena Kurkudi arriskuan dagoela, eta gaineratzen zuena "orain babesten ez badugu, gure begiek ikusten dutena, oroitzapen bat besterik ez dela izango".
Hitzaldian adierazi zuten ez direla kontu politiko batez ari, ezta ideologikoaz ere. "Ez dauka zentsurik hemen egin nahi dutena, ez dugu gimnasio bat behar, altxor hau mantendu nahi dugu, eta baita bertan dagoen bizitza ere bai", aldarrikatu zuten. Plataformako kideek aitortu zutenez "bide luze eta zail bat" dute aurretik, orain arte ere erreza izan ez dena; baina denen laguntzagaz aurrera jarraitzeko prest agertu ziren.
Martxa bukatzean, antolatzaileek horren balantze positiboa egin zuten, "parte-hartzea arrakastatsua" izan zelakoan. Aldi berean, bertaratutako 400 lagunei eskerrak eman gura izan zizkieten, eta eskatu zieten Kurkudi mendia babestearen aldeko mezua zabaltzen laguntzeko.