Udalerriko emakumeak prestatu eta ahalduntzeko xedea duen jabekuntza-eskolak online zerbitzuak eman ditu orain arte, pandemiaren egoerak hala baldintzatu duelako, baina, datorren astetik aurrera, zerbitzu horiek gune fisikoa izango du Mendibileko eskola zaharrean. Indarkeria matxista, identitateak, emozioak, sexualitatea edo kulturagaz lotutako gaiak jorratuko dituzte, urtean zehar garatuko dituzten hainbat ekintzen bidez, hala nola tailerrak, antzerkiak eta hitzaldiak.
Ekintza horien berri emateko, Leioako Udalak liburuxka bat banatuko herritarren artean. Jarduera horietan parte hartzeko izen-ematea udal-webgunean edo laket@leioa.net helbide elektronikora idatziz egin beharko da. Bide horietaz gain, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan, udaletxean bertan eta Gaztelubiden ere eman daiteke izena.
Segurtasun-neurriak betetzeko, plazak mugatuak izango direla jakinarazi dute Berdintasun Arloko ordezkariek; beraz, izena lehenbailehen emateko aholkatu diete bertaratzeko interesa dutenei.
Lamien Kantuen Etxetik eratorritako Laket izena daraman eskolak bost lan-ardatz estrategiko izango ditu bere helburuak garatzeko: feminismoa, osasuna, biolentzia, kultura-aniztasuna eta elkartasuna.