Azpiegitura diputatuak atzo, martxoaren 10ean, egindako komisioan adierazi zuen Leioatik pasatzen den BI-637 errepidearen berrantolaketa lanen berrikuspen bat egiteko prest daudela. Proiektuan oraindino aldaketak egiteko denbora dagoela eta Leioako Udalagaz aukerak aztertuko dituztela zehaztu zuen Pradalesek.
Udondoko lotunean egingo dituzten aldaketak izan dira herritarren artean polemika gehien sortu dutenak. Horregatik, pentsatzekoa da aldaketak tarte horretan egingo dituztela.
Pradalesek azpimarratu zuen lanek "bere izateko arrazoia" dutela, eta, horien bitartez, Avanzadak arintasun eta segurtasun gehiago izango dituela tarte horretan. Leioako tunelaren ondoren dauden sarrera eta irteerek trafiko txirikorda-gune sortzen dute, bertan 2014tik 40 istripu egon direla azaldu zuen. Diputatuaren arabera, berrantolaketa horrek "eragozpen" bat suposatuko du auzoetara doazen gidarientzako, baina Leioako beste 5.000 herritarren onurarako izango dela defendatu zuen.
Leioako herritarrek azken asteetan egin dituzten mobilizazioek egin dute iragarpen hori; izan ere, geroz eta auzotar gehiago joan dira batzen eguenero bulebarrean egiten dituzten kontzentrazioetan. Ekimeneko partaideek sare sozialen bidez adierazi dute kenduko duten sarrera hori egunero hainbat erabiltzailerengan eragingo duen kaltea "ahaztu" dutela; hala ere, herritarren aldarrikapenak entzun izana txalotu dute, eta adierazitakoa "hitz politak baino gehiago izatea" espero dute.
Egitasmoa berrikusi
Atzo egin zuten agerraldian, Alderdi Popularreko Eduardo Andradek Avanzadako proiektua gaitzetsi zuen, "lehen existitzen ez ziren eragozpenak" sortzen dituelako. Emilio Lobatok, Elkarrekin Podemosekoak, baieztatu zuen herritarrek zentzurik ez duen buelta bat eman beharko dutela Leioan sartzeko; tartean, "labirinto bat" izango dela dela gehitu zuen EH Bilduko Raul Fernandezek.