Avanzadako lanak geldiarazteko manifestazioan 700 herritar batu dira

Ander Zarraga 2021ko mar. 15a, 11:26

Zapatuko manifestazioa. © LEIHOA.INFO

Avanzadako lanak geldiarazteko herri-ekimenak adierazi du zapatuan egin zuten manifestazioan 700 leioaztar inguru batu zela. Bertan, iragarri zuten Udalaren aldetik lanak aldatzeko konpromisoa eta proiektua jaso dituztela, baina, oraindino, Aldundiaren baiezkoaren zain daudela.

Avanzadako lanak geldiarazteko herri-ekimenaren arabera, 700 herritar batu ziren zapatu goizean Leioako kaleetatik egin zuten manifestazioan. Horretan, "Obrak geldiarazi. Konponbideak orain!" leloa zuen pankartak gidatu zuen mobilizazioa. Manifestazioa abiatu aurretik, antolatzaileek komunikatua irakurri zuten gogorarazteko Bizkaiko Foru Aldundian eta Leioako Udaleko Lurralde Informazio Batzordean aurkeztutako kexek oraindino ez dutela erantzunik jaso; horrez gainera, Kultur Leioako Auditoriumean eztabaida publiko bat egiteko proposamenari ere ez diote jaramonik egin. Era berean, gogoratu zuten sare sozialen bidez sinadurak biltzen jarraitzen dutela.

Konponketarako bidean

Antolatzaileak baikor agertu ziren, eta azaldu zuten Iban Rodriguez alkateagaz eta hirigintza zinegotziagaz izandako bileran aldaketek eragingo dituzten kalteez ohartu direla, eta Aldundiari lanak aldatzeko proposamen bat bidaliko diotela jakinarazi zuten. Horren arabera, Udalak planteatzen du tuneletatik ateratzean dagoen lehen irteera ez ezabatzea, eta Renault kontzesionarioaren aurrean errotonda bat eraikitzea, auzoetara doan trafikoa berrantolatzeko.

Auzo-ekimeneko bozeramaileek ontzat eman zuten Udalaren proposamena, eta, orain, Aldundiaren oniritziari itxaron behar zaiola iragarri zuten. Hala ere, argitu zuten konpromisoa ez dela akordio bat, ezta errealitate bat ere, eta, egiaztapen ofiziala izan arren, mobilizatzen jarraituko dutela adierazi zuten; hurrengo hitzordua jarri dute martxoaren 18an.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun