Leioako auzotarrek Avanzadako lanak geldiarazteko sortutako ekimenak mahai-inguru publikoa antolatu du martxoaren 23an, martitzenean. Bertan, eztabaidagai nagusia izango da Bizkaiko Foru Aldundiak Avanzadan, Bilbora noranzkoan, egiten ari diren lanek trafikoarengan eta herrian izango duten eragina. Debatea Kultur Leioako Auditoriumean izango da, 18:00etatik 20:30era.
Bertara gonbidatu dituzte Iban Rodriguez Leioako alkatea, Imanol Pradales Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako foru diputatua eta Leioako Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako bozeramaile bana. Momentuz, Elkarrekin Podemos eta EH Bildukoak bertaratuko direla konfirmatu dute. "Alde bakoitzari bere argudioak defendatzeko aukerak eman nahi diogu, guztion iritziak entzun daitezen", azaldu du Iker Gonzalez auzotarren elkarteko kideak.
Antolatzaileek adierazi dute, segurtasun-arrazoiak direla eta, edukiera mugatua izango dela; horregatik, bertaratu gura dutenei eskatu diete harremanetan jartzeko ahalik eta lasterren, bai beraien sare sozialetatik, eta baita barriosconectadosleioa@gmail.com helbide elektronikora idatziz ere.