Avanzadako lanak defendatzailerik gabe gelditu dira eztabaidan

Ander Zarraga 2021ko mar. 24a, 17:51
Avanzadako berrantolaketa lenen inguruko eztabaidan ez zen egon EAJ, PSE-EE, Udala ezta Aldundiko ordezkaririk ere.

Avanzadako lanei buruzko mahai-inguruan ez zen horren aldeko alderdirik azaldu, beraz, aurka daudenek beraien argudioak plazaratu zituzten. Eztabaidan bat etorri ziren hiru puntu nagusitan: "Avanzadaren eredua guztiz agortuta dago, egiten ari diren obren ondorioz Leioako trafiko arazoa txarrera joango da eta itsasadarren azpiko tunelak egoera hori okertu besterik ez du egingo".

Avanzadako berrantolaketa-lanak geldiarazteko herri-ekimenak atzo, martxoaren 23an, Auditoriumean egin zuen mahai-inguruan eztabaida gutxi egon zen; aldiz, Udala eta Aldundiaren jarreren aurkako kritikak askotarikoak izan ziren. Besteak beste, egotzi zieten ez daukatela argudiorik proiektua defendatzeko, eta herritarrei eta oposizioari lepoa emanda egin dutela prozesua. Bertaratu zirenek Avanzadaren obren inguruko kalteak zerrendatu zituzten, baina ez ziren hor gelditu, eta itsasadarraren azpiko tunelaren proiektua eta errepidea lurperatzeko gaiak ere aipatu zituzten.

Eztabaida publikoan parte hartu zuten Barrios Conectados Leioa – STOP Obras ekimeneko Iker Gonzalez bozeramaileak, Leioako Elkarrekin Podemoseko Luis Miguel Lapeñak, EH Bilduko Asier Izquierdo zinegotziak eta Eduardo Andrade Alderdi Popularreko zerrendaburua Bizkaiko Batzar Nagusietan. Horiekaz batera, SOS Kurkudi eta Kandelazubieta auzo-elkarteko ordezkariek ere hitza hartu zuten, besteak beste. Gonbidapena jaso arren, lanak babesten dituzten EAJ, PSE-EE, Leioako Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia ez ziren bertaratu.

Normaltasun eta errespetu osoz eman zen eztabaidan; horretan, parte hartzaileek Udala eta Aldundia ez bertaratzea gaitzetsi zuten, haien ustez, horrek, argudiorik ez dutela azaleratzen duelako eta eztabaidarako eskubidea ezabatzen duelako.

Hiru ondorio nagusi plazaratu zituzten eztabaidan: alde batetik, Avanzadaren eredua zaharkituta dagoela, hasiera batean eraiki zutenean hartu behar zituen 30.000 autoak aspaldi gainditu zituelako, eta gaur egun bertatik 140.000 ibilgailu inguru pasatzen direlako; bestetik, egiten ari diren berrantolaketak trafiko, kutsadura eta zarata arazoak areagotuko dituela Leioa erdigunean; eta azkenik, Artazan aterako den itsasadarraren azpiko tunelak trafiko arazoa areagotuko duela, BI-637 errepidea Kantabria eta Frantzia lotzen dituen autobidearen hedadura izango delako.

Leioa osoa "kaltetuko" duten lanak

Asier Gonzalezek azaldu zuen, proiektuak aurreikusten duen bezala, tunelaren ondoren dagoen lehen irteera ezabatzen bada, egunero hori erabiltzen duten herritarrek bi aukera izango lituzketela: batetik, Leioa erdialdea zeharkatu Udondoko biribilgunera arte, herrian trafiko-arazoak areagotuz, edo, bestetik, 400 metro gehiago egin Astrabuduako gurutzera arte, bertan buelta emateko. Beraz, lanek ez lituzketela trafiko arazoak konponduko, eta leioaztarrak kaltetuko lituzketela ondorioztatu zuen.

"Herritarren presioak Udalaren jarrera-aldaketa eragin du, horregatik kalera irteten jarraitu behar dugu"
Asier Gonzalez, Barrios Conectados Leioa

Gonzalezek salatu zuen mobilizazioak egiten dituztenek presioak jaso dituztela Udalaren aldetik, isunen bitartez, besteak beste. Gaineratu zuen proiektua aldatu dutela egin dituzten mobilizazioei esker, eta, horregatik, kalera ateratzen jarraituko dutela aurreratu zuen.

Elkarrekin Podemoseko partaideak proiektuaren inguruan egon den informazio falta deitoratu zuen. Aldundiari eta Udalari leporatu zien mobilizazioak egin ahala lanak egiteko argudioak aldatuz joan direla, eta ohartarazi zuen proiektua bere osotasunean aurkeztuko balute, prozesu parte hartzaile baten beharra izango lukeela, eta horregatik ari direla interbentzio txikiak egiten.

Bere aldetik, Asier Izquierdok obra horien legezkotasuna zalantzan jarri zuen, eta adierazi zuen horiek aldaketa substantzial bat eragingo dutela, nahiz eta "mantentze obra batzuk bezala saldu dizkiguten". Hori dela eta, aurreratu zuen helegitea jartzeko baliabideak ikertzen ari direla kasua epaitegietara eramateko.

Bestalde, EH Bilduko zinegotziak Avanzadaren lurperatzearen gaia ere jarri zuen mahai gainean, eta, azaldu zuenenez, "Bizkaian daukagun azpiegitura arazorik zaharrena da: 1999tik dago hori estaltzeko proiektua, baina ez da ezer egin". Gaineratu zuen horrelako proiektuakaz bultzatzen ari diren mugikortasun politikak auto pribatua lehenesten dela, garraio publikoa eta bizikletaren kalterako.

Avanzadak ez du gehiagorako ematen

Alderdi Popularreko ordezkariak mobilizazioen eragina nabarmendu zuen: "Lehen aldia da ikusten dudana EAJk proiektu batean atzera egiten duela". Bere ustez, lanen aldekoak ez ziren eztabaidara bertaratu, "ez daukatelako horien aldeko argudiorik eta badakitelako herritarrek arrazoia dutela".

"Ez dago Avanzada lurperatzeko proiekturik; estaltzea da aurreikusita dena"

Eduardo Andrade, Bizkaiko PP

Bestalde, Andradek ñabardura bat egin zuen Avanzadaren lurperatzearen inguruan, eta azaldu zuen aurreikusita dagoen proiektuak estaltzea bakarrik aurreikusten dutela, eta ez errepide osoa lur azpian jartzea.

Eztabaida eskubidea "usurpatuta"

Publikoaren aldetik, Kandelazubieta auzo elkarteko ordezkariak adierazi zuen ulergaitza egiten zaiola alkatea mahai-ingurura ez joatea, "uste dut bestelako tratu bat merezi dugula, ez horrelako jarrera arduragabea".

SOS Kurkudi plataformakoek ere Udalaren eta Aldundiaren jarrera gaitzetsi zuten, eta eztabaidarako eskubidea kendu zaiela salatu zuten. Gogorarazi zutenez, beraiek 2019an egin zuten mahai-ingurura ere ez zen udal-ordezkaririk joan, "eta horrek eztabaidarako aukera guztiak ezabatu ditu". Gaineratu zuten Avanzadako lanen oinarrian, Kurkudiren kasuan gertatzen den bezala, "desarrollismoa" eta espoliazioa daudela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun