Gaurtik domekara bitartean, irailaren 16tik 19ra, umorearen, kulturaren eta kaleko ikuskizunen epizentroa bilakatuko da Leioa. 17:30etik aurrera, ia 100 ikuskizun egingo dituzte hurrengo lau egunetan, udalerriko kaleetan banatuta egongo diren 10 tokitan; gaur, 12 ikuskizun programatu dituzte, horietako batzuk saio bikoitzagaz.
Hasteko, 17:30ean, ikus-entzuleek hiru ikuskizunen artean hautatu ahalko dute: Ertza taldearen Dye dye, Udaletxeko plazan; Kolektivo Konikaren La Punta de mi nariz, Aladapako auditorioan; edo Cris-Isen Home, Udondo bulebarrean. Antolatzaileek azaldu dutenez, une horretatik aurrera, udalerriko beste eremu batzuetara zabalduko dira emanaldiak, Errekalde plazara, Elexalde errotara edo Bulebarrera, besteak beste, gauerdira arte luzatuko den programagaz.
Segurtasun-neurriak
Ikus-entzuleentzako eta profesionalentzako osasun-segurtasunari buruzko araudia betetzen dela bermatzeko, ia emanaldi guztiak karpa azpian egingo dira; beraz, antolatzaileek azaldu dutenez, horrela edukiera kontrolatzeaz eta segurtasun-distantzia errespetatzeaz gain, eguraldi txarragaz ere ikuskizunak egingo direla bermatuko dute. Bestalde, eserlekuak iritsiera-ordenaren arabera esleituko dituzte, eta ezin izango da aldez aurretik eserlekurik erreserbatu.
Programa osoa ikusteko, hemen.