Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astea baliatuz, eta Umore Azokagaz batera, Leioako Udalak Oinezkoen Pausora herritarren martxaren XVII. edizioa egingo du zapatuan, irailaren 18an, goizeko 11:00etatik 14:00ak arte. Aurreko urteetako martxak ez bezala, aurtengoan, parte hartzaile bakoitzaren etxetik hasiko da ibilbidea, bide finkorik gabe.
Partaideak taldeetan antolatu beharko dira, eta udalerrian banatuta egongo diren hamar zebretatik bost aurkitu beharko dituzte. Horiekaz argazkia atera eta udaletxe azpian egongo den helmugara joan beharko dira; bertan, opari bat eta merkatari leioaztarrek emandako fruta jasoko dute.
Izena emateko, taldeek ordezkari bat izendatu eta QR batzuen bidez apuntatu beharko dira. Antolatzaileek gogoratu dute COVID-19aren aurkako neurriak une oro errespetatu beharko direla, eta, jende-pilaketak saihesteko, aurten ez dute kamisetarik banatuko, beraz, aurreko urteetakoak eramateko deia egin diete parte hartzaileei. Bestalde, antolakuntzak 627 503 898 telefono-zenbakia ere ahalbidetu du zalantzak argitzeko.
Iban Rodriguez Leioako alkateak azpimarratu duenez, ekintza honek, "ohitura aldaketa bultzatu gura du, pertsonek lehentasuna duten udalerri bat sortzeko, autoak bigarren mailara pasatu daitezen". Nabarmendu duenez, iazko edizioa ezberdina izan zen pandemiaren ondorioz, eta, hala ere, 500 partaide baino gehiago izan zituzten. "Helburua Leioa ezagutzea eta ondo pasatzea da, ez da lasterketa bat", azpimarratu du alkateak.
Irailaren 22a, autorik gabeko eguna
Hurrengo eguaztena, irailaren 22a, Autorik Gabeko Munduko Eguna da. Hori baliatuz, udalerriko sei ikastetxeko 600 ikasle inguruk Haur Ibilbide Topaketan (HIT) parte hartuko dute, jasangarriagoak diren mugikortasun ereduakaz konpromisoa hartzeko.
Hartara, irailaren 22an bost gune jarriko dituzte Leioan zehar: skate parkeko aparkalekua, La Carbonera aparkalekua, Artaza Romo BHI institutuko aurreko aparkalekua, Artazako autobus geltokia eta udaletxeko aparkalekua. Gune horietan begiraleak egongo dira, umeei laguntza emateko, eta ibilbidea azaltzeko.
Leioak bost urte daramatza Bizibideak-Eskolara Lagunekaz proiektua garatzen, Rodriguezek nabarmendu duenez, erreferentziazko proiektua da EAEn. Izan ere, udalerriko hainbat eragilek eta herritarrek sortutako ekimena da, umeen autonomia lantzeko eta mugikortasun iraunkortasuna sustatzeko helburua duena.