Leioako Olentzerok eta Mari Domingik presentzialtasuna berreskuratuko dute

Ander Zarraga 2021ko abe. 15a, 12:04

Mari Domingi, Olentzero eta Napo opariz beteta etorriko dira aurten Leioara

Leioako Udalak hainbat jardueragaz beteta datorren Gabonetako programazioa aurkeztu du gaur, abenduaren 15ean. Berritasun gisa, Mari Domingik, Olentzerok eta Errege Magoek umeakaz zuzeneko harremana berreskuratuko dute. Bestalde, Gabonetako Umeen Parkea ez da egingo, baina horren ordez, hainbat ikuskizun egingo dituzte Kandelazubietan eta Kultur Leioan.

Aurtengo Gabonetan, Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoek zuzenean hartuko dituzte umeak Leioan. Iaz, gaztetxoek teknologia berriak baliatu behar izan zituzten Gabonetako pertsonaia gogokoenakaz komunikatu ahal izateko, baina, aurten, zuzenean eskatu ahalko dizkiete beraien gurariak.

Mari Domingi eta Olentzero 24ean elkartuko dira umeakaz Kultur Leioan. Bertaratzeko, umeek egun osoa izango dute, 09:00etatik, 21:00etara; hala ere, segurtasun-neurriak beteko direla bermatzeko, aldez aurretik gurasoek edo tutoreek hitzordua eskatu beharko dute Kultur Leioan.

Horretaz gain, Olentzerok eta Mari Domingik udalerriko gainontzeko auzoak ere bisitatuko dituzte, Lamiako, Txorierri, Pinueta edo San Bartolome herritarren elkarteen lanari esker. Bestalde, daborduko umeek beraien gutunak eraman ditzakete, herriko hainbat lekutan kokatu dituzten postontzietara: Kultur Leioa, Sakoneta kiroldegia, Gaztelubide HAZ, udaletxean eta herriko ikastetxeetan.

Errege Magoen etorrera

Ekialdetik datozen Errege Magoek Kandelazubietan hartuko dituzte beraien jarraitzaileak. Urtarrilaren 5ean, 18:00etatik 21:00etara egingo den ekitaldira joateko ere hitzordua eskatu beharko da Kultur Leioan, abenduaren 27tik urtarrilaren 4ra bitartean.  Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek Pinueta auzoa ere bisitatuko dute egun horretan.

Gabonetako ikuskizunak Kandelazubietan

Bestalde, Kandelazubietan egin ohi den Gabonetako Umeentzako Parkearen ordez, aurten, umeentzako ikuskizunak egingo dira, hala nola txotxongiloak, magia edo pailazoak. Hala, urtarrilaren 2tik 5era bitartean, goiz zein arratsaldez txikienentzako hainbat jarduera egingo dituzte. Horietara sartzeko sarrerek bi euroko prezioa izango dute; azpimarratu dutenez, bertan batzen den dirua ASPANOVAS minbizia duten umeen familiei laguntza emateko elkarteari emango diote dohaintzan. 

Kandelazubietan egingo dituzten jarduerak lau urtetik gorako umeentzat izango dira, baina horiek heldu batek lagunduta joan beharko dira. Hauek izango dira egingo dituzten jarduerak:

  • Urtarrilak 3, 12:00etan, antzerkia: Gag Street Boys, Yes we art.
  • Urtarrilak 3, 18:00etan, magia: Sun magoa, Bat, bi, hiru... Magia!
  • Urtarrilak 4, 12:00etan, txotxongiloak: Rosa Martinez, Noraren sekretua.
  • Urtarrilak 4, 18:00etan, Pailazoak: Kiki Koko, Natura gara.
  • Urtarrilak 5, 12:00etan, Irrien lagunak: Elkartasun jantokia.

Kultu Leioako kultur jarduerak

Horretaz gain, bestelako jarduerak ere egingo dituzte Kultur Leioan, hala nola abenduaren 22an, 19:30ean, udal-kontserbatorioko orkestrak emanaldia egingo du. Gainera, sasoi honetan ohikoa den umeentzako antzerki-zikloa ere egongo da Leihoak, Los Musicos de Bremen eta Kotondarrak ikuskizunakaz. Horietara joateko sarrera sei eurokoa izango da, eta guztietara joan gura duenak 18 euroko bonua ere izango du eskuragarri.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun