Avanzada lurperatzearen aldeko plataformak aurreproiektuari alegazioak aurkezteko deia egin du

Ander Zarraga 2021ko abe. 28a, 10:34

Leire Rey eta Iker Gonzalez plataformako kideak alegazioak aurkezten. © AVANZADA LURPERATZEKO PLATAFORMA

Leioa zeharkatzen duen BI-637 errepidea egokitzeko aurkeztutako behin-behineko proiektuari  arrazoibideak aurkezteko eskatu du Avanzada lurperatzearen aldeko plataformak. Proiektua gehiago hedatzeko eskatu dio Aldundiari, eta, horretarako, herritar, erakunde eta negozioei dei egin diete beraien alegazioak ere aurkez ditzaten abenduaren 30a baino lehen.

Azaroan, Bizkaiko Foru Aldundiak Avanzada estaltzeko aurkeztu zuen proiektuaren aurka azaldu ziren errepidea guztiz lurperatzeko eskatzen duen plataformako kideak. Egitasmo horren arabera, lubakiak estali eta tunelaren sarreretan estalkiak eta pantaila akustikoak jarriko dituzte. Horren aurrean, Avanzada lurperatzeko eskatzen duen plataformako kideak proiektuaren aurka azaldu ziren, eta "soluzio integral bat" exijitu zuten, egitasmo horrek "kanpoan utziko lituzkeelako Avanzada jasaten duten milaka herritar, hala nola Txomin Aresti ikastetxea, kontserbatorioa eta euskaltegia ere".

Orain, Aldundiak aurkeztutako aurreproiektuari alegazioak aurkeztu dizkiote, Avanzadaren estaltzea gehiago hedatu dadin. Horretarako, Leioako herritar, elkarte, erakunde eta establezimenduei dei egin diete beraiek ere arrazoibideak aurkez ditzaten; hori nola egin azaltzeko, plataformako sare sozialetan alegazioak aurkezteko sortu duten dokumentu-eredua eta prozeduraren bideo-tutorial bat ere jarri dituzte.

Iker Gonzalez eta Leire Rey plataformako kideek aurkeztu zituzten lehen arrazoibideak atzo, abenduaren 27an, Leioako udal-erregistroan. Zehaztu zutenez, izapideak internet bidez egiteko arazoak dituztenek zuzenean ere aurkez ditzakete alegazioak Leioako udal-erregistroan. Bestalde, ohartarazi zuten alegazioak aurkezteko azken eguna abenduaren 30a dela.

Aukera guztiak aztertuta

Imanol Pradalesek, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak, lanen konplexutasuna eta garrantzia azpimarratu zituen, proiektuaren nondik norakoak azaldu zituenean. Zehaztu zuen "lantzeko aukera posible guztiak" aztertu zituztela, baina azaldu zuen zaila dela lurraldeko trafiko-dentsitate handienetako puntu baten trafikoa eten gabe jardutea. Gaineratu zuen proposatutako irtenbidea bideragarria dela ikuspegi teknikotik, eta, horrez gain, konponbide integrala dela: "Leioarako konponbide integral baten aurrean gaude: oinezkoek erabiltzeko azalera erabilgarria eta segurua lehengoratzen dugu, berdeguneak eta aisialdirako guneak dituena, auzokide askok jasaten dituzten zarata-arazoak konponduko ditugu, eta, gainera, azpiegitura eguneratuko dugu".

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun