Aldundiak Avanzada inguruko etxebizitzen isolamendua finantzatuko du

Ander Zarraga 2022ko urt. 11a, 13:08

Artxiboko irudia.

Leihoak ordezkatu eta isolamendu akustikoa hobetzeko lanak % 100ean finantzatuko dituzte Avanzadak kaltetzen dituen leioaztarren artean. Eskabideak otsailaren 3ra arte egin ahalko dira.

Leioako erdigunea zeharkatzen duen BI-637 errepidetik 130.000 ibilgailu pasatzen dira egunero, eta, horrek, zarata- eta kutsadura-arazo larriak eragiten dizkie metro batzuetara bizi diren bizilagunei. Arazo hori arintzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizitegi-eraikinetako isolamendu akustikoaren plana deritzona aurkeztu du, kaltetutako etxebizitzen leihoen isolamendua hobetzeko egitasmoa, hain zuzen ere.

Plan horren barruan, Aldundiak leihoak aldatzeko lanen kostuaren % 100 bereganatuko du, baldintzak betetzen dituzten onuradunen artean. Zehaztu dutenez, Leioan zortzi dira lehentasun-indizerik altuena duten etxebizitzak: Iparragirre etorbideko 2A, 22, 24 eta 44 atariak; Estartetxe kaleko 7, 15 eta 24 atariak eta Mendibil kaleko 2 ataria. Gainera, Getxoko Bizkerre kaleko 30 ataria ere sartu dute talde horretan, Bilboko eta Barakaldoko beste batzuez gain.

Goratu beharra dago Aldundiak Avanzadaren lubakiak estaltzeko proiektu bat aurkeztu zuela 2021eko azaroan. Horri esker, Avanzada guztiz estali eta oinezkoentzako 4.000 metro koadroko eremua sortu eta tuneletako sarbideak isolatu gura dituzte.

Hala ere, Avanzada guztiz lurperatzeko eskatzen duen plataformatik adierazi dutenez, "neurri honegaz, agerian geratzen da BI-637 errepidea gure herrian izateak dakartzan arazo larriak". Gainera, beraien aldarrikapena berretsi dute, adieraziz Avanzadak izan dezakeen konponbide bakarra guztiz lurperatzea dela, eta, abenduan, Aldundiak aurkeztutako proiektuari hainbat herritarrek alegazioak aurkeztu dizkiotela ere zehaztu dute.

Prozedura

Plan horren helburua da leihoak aldatzeko lanak % 100ean finantzatzea, baina, aldez aurretik, Aldundiak kontratatutako enpresa bat etxebizitzetara joango da bideragarritasunaren inguruko txosten bat egitera. Eskabideak eta gainerako agiriak Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako Saileko Bulego birtualaren bitartez aurkeztu beharko dira, izenpe elektronikoa baliatuz. Behin diru laguntzak onartuta, onuradunek enpresa bat kontratatu beharko dute, eta, horiek bukatzean, Aldundiak lanen gastuak ordainduko ditu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun