Bizkaiko Foru Aldundiak atzo iragarri zuen Avanzada ondoko etxebizitzetako leihoen isolamendua hobetzeko lanak finantzatuko dituela. Baina Eduardo Andrade Bizkaiko PPko idazkari nagusi eta Batzar Nagusietako bozeramaileak azpimarratu duenez, "bizilagunentzako ez da nahikoa, aspalditik ari baitira errepidearen lurperatzea aldarrikatzen". Horregatik, Bizkaiko PPk BI-637 errepidea estaltzeko lanen inguruko azalpenak emateko eskatu dio Aldundiari bihar, urtarrilaren 13an, egingo den Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Batzordean.
Andradek gaineratu du leioaztarrek anbizio handiagoko proiektu bat behar dutela, beraien osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko. "Planteatutako proiektuagaz, milaka bizilagun kanpoan uzten dira, baita Txomin Aresti ikastetxea, kontserbatorioa eta euskaltegia ere, eta, ez hori bakarrik, tunelaren aireztapen-sistemak sarrerako ahoetan jarriko dira, aipatutako eraikinen ondoan kea kanporatuz", ohartarazi du Andradek.
Zaratari dagokionez, popularrak zehaztu duenez, Aldundiak eta Udalak zarataren maparen azterlan bi egin dituzte Leioan, eta azterlan horien ondorioek azaleratu dutenez, eraikin aurreratuen % 100ean zarataren legezko maila gainditzen da. "Horren aurrean, Aldundiak bizilagun horientzako leihoak finantzatzea erabaki du; izan ere, leihoak beren etxeak isolatzen ditu, errepidea behin betiko isolatu beharrean. Bizilagunentzat neurri hau umiliagarria da, herritarren isiltasuna eta sufrimendua erostea baino bilatzen ez duelako", adierazi du bozeramaile popularrak.