Las Vegas auzoko zabor-kamioien biltegia lekualdatuko du Leioako Udalak

Ander Zarraga 2022ko ots. 21a, 10:49

Iazko urrian egindako protestaren irudia; egun horretan supermerkatuetako sarbidea itxi zuten. © IPARRAGIRRE ZEHARKALEA AUZO-ELKARTEA

Las Vegas Iparragirre zeharkaleko auzo-elkartearen kexek erantzuna izan dute, eta Leioako Udalak bizilagunen etxeetatik metro gutxira dagoen zabor-kamioien gordelekua lekuz mugituko du. Oraindik hainbat gai daude ebatzi gabe, baina auzotarrek beraien bizi-baldintzak hobetzea lortu dute mobilizazioaren bitartez.  

Las Vegas bezala ezagutzen de Iparragirre zeharkaleko bizilagunen eskariei erantzunez Leioako udal-gobernuak jakinarazi du zaborra biltzeko kamioien biltegia lekualdatuko duela. Horrela adierazi zuen Mikel Abascal hirigintza arloko arduradunak aurreko martitzenean egindako Lurralde Batzordean, Leihoa.info atariak jakinarazi duenez.

Kamioien biltegia behin behinekoa izan arren, 1995etik darama Iparragirre zeharkaleko bizilagunen etxebizitzetatik oso metro gutxira; horrek, usain- eta zarata-eragozpena eragiten ditu oso metro gutxira dauden bizilagunen artean. 

Aurreko urteko azaroan, Las Vegas bezala ezagutzen den auzuneko bizilagunek auzo-elkartea sortu eta euren aldarrikapenak plazaratzeko hainbat ekimen egin zituzten; besteak beste, eguenero kalera protesta egiten hasi ziren eta beraien aldarrikapenak Udaleko osoko bilkuretara eraman zituzten. Ekintza horien bitartez auzoko bizi-baldintza kaxkarrak salatu gura zituzten: alde batetik, Udalaren partetik abandonatuta sentitzen direla deitoratu zuten, eta, bestetik, inguruan dituzten supermerkatuaren, gasolindegiaren eta janari azkarreko jatetxearen jarduerak eragiten dizkieten zara-a eta usaimen-eragozpenak salatu zituzten.

Konpontzeke dauden arazoak

Daborduko, Leioako Udalak zenbait jarduketa egin ditu; izan ere, Iban Rodriguez alkateak azaldu zuenez, "elkartea erreferente bat izan da elkartzeko eta auzoko beharrizanak ezagutzeko". Besteak beste, Udalak etxebizitzen ondoko zoladura eta parkea konpondu eta trafikoa mugatzeko neurriak hartu ditu.

Hala ere, aldamenean dauden gasolindegiko auto-garbitzailearen zaratak neurtzeko eta Burguer King jatetxearen usain-arazoak konpontzeko neurrien zain daude bizilagunak. Etxeen aurretik pasatzen diren tamaina handiko kamioien trafikoa mugatzea eta hiribusaren linea bertaratzea ere eskatu dute, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun