Plataformako kideek gogoratu dutenenez, 2019ko abenduaren 31n 40 alegazio aurkeztu zizkioten proiektuari, baina ez zuten inolako erantzunik jaso. Azaldu dutenez, "irregulartasunez jositako proiektua da" eta Udalaren isiltasunaren aurrean, Arartekora jotzea erabaki zuten. "Horren bitartekaritzari esker, 2020ko urrian alegazioei erantzunak lortu genituen", adierazi dute sare sozialetan egindako argitalpen batean.
Horrez geroztik, Udalak proiektuaren izapideakaz jarraitu zuen 2021ean, eta egitasmoa EAEko Lurralde Antolamendu Batzordeari igorri zion, baina ordutik plataformak ez du inolako albisterik jaso egitasmoaren egoeraren inguruan. Horregatik, 2021eko uztailaren 27an, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendurako sailera jo zutela azaldu dute SOS Kurkudikoek, baina jakinarazi dute bide horretatik ere ez dutela inolako erantzunik jaso: "Prozedura horretako postetxeko agiria bakarrik daukagu".
Horregatik, San Bartolome eta Artatzaganako Auzo Elkarteak eta Auzotarrok kultur elkarteaz gain, Kurkudi mendiaren hegaleko birkalifikazio- eta eraikuntza-proiektuaz kezkatuta dauden pertsonak biltzen dituen plataformak, egitasmoaren egoera administratiboaz galdetu du, beste behin. Gainera, egitasmoan sartuta dauden erakundeen isiltasunaren arrazoiengatik ere azalpenak eskatu dituzte, "interesatuta dauden alderdiak, eta, oro har, herritarrak informatzeko eskubideagatik".