Elkarrizketak

Alberto García: "Kaleko artea demokratikoa den eremu batean garatzen da"

Ander Zarraga 2022ko mai. 5a, 18:56

Alberto Garciak Umore Azokaren hasieratik, duela 22 urte, darama antolaketa-lanetan.

Beste behin, kaleko artisten agerlekua izango da Leioa, maiatzaren 19tik 22ra. Aurten, Euskal Herriko, Espainiako Estatuko eta nazioarteko 40 konpainiak hainbat motatako 90 ikuskizun eskainiko dituzte hiru egunetan zehar: zirkua, antzerkia, dantza... Datorrena hobeto ezagutzeko koordinazio lanez arduratzen den Alberto Garcíagaz egon gara.

Zein da Umore Azokaren antolakuntzan betetzen duzun lana?

Nire zeregina da Umore Azokaren atal guztiak koordinatzea eta horien antolakuntza-lanetan parte hartzea, hala nola proposamen artistikoak jasotzea, Batzorde Artistikoaren bidez aukerarik egokienak hautatzea, konpainiakaz akordioak ixtea, emanaldien eta guneen egutegia planifikatzea, talde teknikoagaz eta ekoizpenagaz koordinatzea, jarduera paraleloak antolatzea, eta abar.

COVID-19aren pandemiak eragindako buruhausteen ondoren, zer suposatzen du ohiko datetara itzultzeak?

Gure denbora-tartea berreskuratzea dakar, Umore Azokaren datak aldez aurretik planifikatuta baitaude. Modu horretan, bertaratuko diren erakundeetako profesionalek ikuskizunak ikusteko eta hautatzeko aukera daukate hurrengo hilabeteetara begira; izan ere, uda eta udazken denboraldian biltzen dira kontratazio gehienak.

"Kaleko arteen industria-garapena sustatzeko sortutako ekimena da; horren bitartez, besteak beste, euskal konpainiak bultzatzea bilatzen du"

Zein da Umore Azokaren filosofia?

Azokaren filosofia askotarikoa da, baina helburu zehatz batzuetan dago oinarrituta: hasteko, kaleko arteen industria-garapena sustatzeko sortutako ekimena da; horren bitartez, besteak beste, euskal konpainiak bultzatzea bilatzen du. Horretaz gain, arte eszenikoen sektorearen kontsumoa, ibilbideak eta koordinazioa ere sustatzen ditu. Izan ere, helburua da konpainiei beraien lanak aurkezteko erakusleiho bat eskaintzea, eta, horretaz gain, sortzen duten ikuskizun bakoitzaren errealitatea erakusteko aukera izan dezaten. Halaber, kaleko arte garaikideen sorkuntza eta fusioa bezalako ekarpen berriak ere bultzatzea du helburu. Kaleko ikuskizunen balorazio soziala ere areagotzea da xedeetako bat, herritarren artean horrelako ikuskizunek interes handiagoa izan dezaten, hain zuzen ere. Programatzaile eta banatzaileei dagokienez, arte eszenikoen sektoreko errealitatea eta aukerak hurbiltzen dizkien jaialdia da; gainera, Espainiako Estatuko erkidegoen arteko kaleko sorkuntzan dagoen aukera zabala ezagutzeko abagune sakona eta interesgarria ere eskaintzen die; izan ere, Umore Azokak adierazpenerako  izateaz gain, didaktikoa eta komertziala izateko helburua ere badu, hau da, informazioa trukatzeko eta ikusleak zein profesionalak erakartzeko ahalegina egiten du urtez urte. Azkenik, azpimarratuko nuke publikoari eta Leioari sorkuntza berriak hurbiltzeko ahalegin bat ere dela, kalean ere horrelako ikuskizunen gozamena sustatzeko, hain zuzen ere.

Nolakoa izan da Umore Azokaren bilakaera 22 urteotan?

Umore Azoka aldatu da, duela 22 edizio lehen aldiz egin zenetik. Eboluzio hori kaleko arteakaz batera eman da; hau da, Euskadiko, Espainiako Estatuko eta nazioarteko arteakaz gertatu den bezala, azokak ere bilakaera bat izan du, hain zuzen. Duela 22 urte, kalea erabiltzen zuten konpainiak ez ziren hainbeste; hala ere, eta bitxia iruditu arren, Euskadin dugun klimatologiagaz, konpainia kopurua oso nabarmena zen, baina ez zuten beren lanak aurkezteko puntu edo erakusleihorik. Bestalde, eboluzioa tekniken zabalkuntzaren aldetik ere joan da; lehen, ia dena zen antzerkia, zirku ibiltari apur bategaz. Gaur egun, aldiz, asko dibertsifikatu dira ikuskizunak, eta, aurrekoaz gain, dantza, performanceak, instalazioak, zirku lengoaia berriak eta abar aurkitu daitezke, eta horien guztien fusioa ere aurkitu daiteke ikuskizun berean.

Beraz, kaleko artistak ere asko aldatu dira?

Bai, artistak ere espezializatzen joan dira, eta ikuskizun hurbilagoak, konprometituagoak, eta dinamikoagoak sortzen saiatzen dira. Ezin dugu ahaztu enpresa horiek horretaz bizi direla, eta, beraz, etengabe gainditzeko eta publikoarengana hurbiltzeko asmoa dutela.

"Umore Azoka adierazpenerako  izateaz gain, didaktikoa eta komertziala izateko helburua ere dauka; hau da, informazioa trukatzeko eta ikusleak zein profesionalak erakartzeko ahalegina egiten du urtez urte"

Umore Azokarako zergatik aukeratzen dituzue bereziki kaleko artistak?

Kaleko ikuskizunak artearen atal garrantzitsu bat dira zuzeneko adierazpen artistikoen barruan. Alde batetik, horien jatorriaz hitz egin dezakegu, iraganean herriz herri ibiltzen ziren juglareak baitziren, beren abenturak kantatzen edo hori bera egiten zuten titiriteroak ere zeudela gogoratu behar dugu. Bestetik, kaleko arteak garrantzitsuak dira erabat demokratikoa den eremu batean garatzen direlako; irekita daude, solidarioak dira, eta ikusle bakoitzak istorio edo ekintza bategaz egiten du topo modu irekian.

Zeintzuk izango dira aurtengo Umore Azokak ekarriko dituen berritasun nagusiak?

Bueno, nobedadeei dagokienez, ohiko datetara bueltatzeaz gain, konpainiek aurkeztuko dituzten ikuskizun bakoitza izango da berritasun bat funtsean. Presentzia zabal eta osatua izango dugu kaleko arteen esparrua erabiltzen diren teknika artistiko eta fusio berriez osatua.

Ikuskizun mota konkreturen batean jarriko duzue fokua aurten?

Ez, gure helburua ahalik eta jardueren kalitate eta aukera handiena eskaintzea izango da, beraz, mota eta gustu guztientzako moduko ikuskizunak egongo direla esan dezakegu.

Etorriko direnen artean, artista edo konpainiaren bat nabarmenduko zenuke?

Ez, denak dira garrantzitsuak, denek aurkeztuko dituzte beren lanak eta denek espero dute publikoaren txaloak entzutea eta aukera izatea profesionalki antzezten eta hazten jarraitzeko. Ezin dugu ahaztu guztira 40 konpainia izango direla eta 450 proposamen baino gehiago hautatu direla.

"Kaleko arteak garrantzitsuak dira erabat demokratikoa den eremu batean garatzen direlako; irekita daude, solidarioak dira, eta ikusle bakoitzak istorio edo ekintza bategaz egiten du topo modu irekian"

Non izango dira aurtengo ikuskizunak?

Datak berreskuratuko ditugun bezala, gune guztiak ere berreskuratuko ditugu. Guztira, 18 gune-eszeniko erabiliko ditugu Leioako plaza, kale eta abarretan: Aldapa auditorioa, Kultur Leioa, udaletxeko plaza eta Boulevarda, besteak beste.

40 konpainia, 90 ikuskizun baino gehiago... Zifra garrantzitsuak dira. Nolakoa da hori guztia kudeatzeko eta koordinatzeko lana?

Lan garrantzitsua da, ikuskizunen guneen, beharren eta horrelakoek koordinazioak lan asko eskatzen baitu. Horretarako, lantalde desberdinak daude, eta bakoitzak bere aldetik egiten ditu bere lanak, eta informazioa transmititzeko etengabeko bilerak egiten dira taldeen artea. Azken finean, oso garrantzitsua da Umore Azokan mugitzen garen guztiok lantalde bakoitzean egiten ari garena eta beharrak, arazoak, konponbideak eta abar koordinatzea.

Orain arte, beti mantendu duzue tokiko eta espainiar Estatuko konpainia kopuru handia, atzerriko artistak ere ahaztu gabe. Nolakoa da hautatze-prozesua?

Umore Azokaren hasieratik helburuetariko bat izan da euskal konpainiak indartzea, euren lanak aurkezteko gune bat sortzea funtsezko puntu bat baitzen. Estatuko eta nazioarteko konpainiei dagokienez, lurralde osoan eta nazioartean sortzen eta garatzen ari dena ezagutzea da helburua, une bakoitzean kaleko arteen errealitateari buruzko ahalik eta ikuspegi zabalena eskaintzea, hain zuzen.

Estilo desberdinetako konpainiak bilatzen saiatzen zarete ala merkatua oso zabala da eta artistak dira ikuskizun ezberdin asko eskaintzen dituztenak?

Merkatua oso zabala da, bai. Artistek eurek aurkezten dizkigute beraien proposamenak; horregatik, urte batera edo gehiagoko epea duten ekintza edo ikuskizunak erakusten dizkigute askotan. Beste kasu batzuetan, zuzeneko harremana daukagu konpainiakaz, eta haien proiektuei buruzko informazioa trukatzen dugu etengabe.

Umore Azokan dena ez da ikuskizuna; artista eta programatzaileentzako elkargunea ere bada. Zer ematen dio horrek azokari?

Umore Azoka ikuskizunakaz gozatzeko gune bat baino askoz gehiago dela esan dezakegu; bilgune bat ere bada, informazioa trukatzeko, proiektuak aurkezteko eta kaleko artistak biltzeko ekimena ere bada. Gure ustez, Umore Azokaren funtsezko zati bat da hori, eta erakundeek modu aktiboan parte hartzen dute atal horretan ere.

Berbaldiak, liburu-aurkezpenak eta bestelakoak egongo dira aurten. Esan daiteke lehen begiratuan ikusten dena baino askoz gehiago dagoela?

Bai, Umore Azoka ikuskizunen aurkezpena eta plazaratzea baino gehiago da. Zati hori da agian ezezagunena, kasu askotan profesionalentzako ekintzak bakarrik egiten baitira, baina badira publiko orokorrarentzako irekiak dauden beste jarduera batzuk ere. Kasu honetan, gure asmoa da Azoka trukerako gunea ere izatea, kaleko arteen errealitatea dinamizatzen lagunduko duena, hain zuzen ere

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun