Dena prest Umore Azokaren ediziorik handienetako bati hasiera emateko

Ander Zarraga 2022ko mai. 18a, 13:35

Deabru Beltzak konpainiaren ikuskizuna egongo da maiatzaren 21ean, iluntzean.

Bihar hasiko da Umore Azoka Leioan. Lau egunez, 90 ikuskizun eskainiko dituzte Euskal Herriko, espainiar Estatuko eta nazioarteko 40 konpainiak. Aurtengo kale-artisten erakusleiho handia inoiz baino indar gehiagogaz datorrela iragarri dute antolatzaileek, bere ohiko datak berreskuratu ostean.

Leioan daborduko dena dago prest Umore Azokaren edizio handienetariko bati hasiera emateko. Leioako Udalaren Kultura Sailak antolatuta, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz batera, azoka bihar arratsaldean, maiatzaren 19an, hasiko da eta lau egun iraungo ditu, domeka eguerdian, maiatzaren 22an, amaitu arte. Ordurako, gonbidatuak izan diren 40 konpainiak 90 emanaldi eskainiko dituzte, udalerriko 18 gunetan banatuta. Lotura honetan dago hurrengo lau egunetan Leioan egongo diren ikuskizun guztien egitaraua.

Aurreko bi edizioetan dataz aldatu ondoren, irailean ospatu baitzen, Euskal Herriko Kale-artisten Azoka nagusia, espainiar Estatu-mailan garrantzitsuenetarikoa, inoiz baino indar gehiagogaz bueltatu dela azpimarratu dute antolatzaileek. Hala, Euskal Herriko 19 konpainiak, Espainiako Estatuko 16k eta nazioarteko bost taldek euren azkeneko obren estreinaldiak eskainiko dituzte. 

Programa paraleloa

Umore Azokaren beste parte garrantzitsu bat da kale-artisten sektorea dinamizatzea, horregatik, Leioatik 220 profesional inguru igarotzea espero dute antolatzaileek. Horretarako, beren gune propioak izango dituzte harremanetan jartzeko, erakundeen bilerak eta batzarrak antolatuko dituzte, eta plataforma eta ekimen berriak aurkeztuko dituzte. Esparru horren baitan, hainbat saio prestatuko dituzte konpainiek beren sorkuntza-obren proiektu berriak programatzaileei erakutsi diezaieten, hurrengo denboraldirako prestatzen ari direnaren aurrerapen gisa.

Horretaz gain, beti bezala, bariku eguerdian Mendibile Jauregian Harrera Ofiziala egingo dute, eta 2019ko Umore Azokako sariak eta 2022ko Umore Azokako Sari Berezia banatuko dituzte. 2019ko sariak ezin izan zituzten banatu hurrengo edizioan bertan behera geratu baitzen, ezta iazko edizioan ere, harrera-ekitaldia ez zen egin-eta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun