Aurtengo Umore Azoka arrakastatsuak 27.000 ikusle baino gehiago erakarri ditu

Hodei Torres · Ander Zarraga 2022ko mai. 23a, 13:14

Pozik daude Umore Azokako antolatzaileak aurtengo kale-artisten jaialdiak izan duen erantzunagaz; izan ere, aurreko urteetako gorabeheren ostean, jaialdiak bere xarma eta erakartzeko ahalmena mantentzen ditu. Aurreko lau egunetan, 90 emanaldi programatu dituzte Leioako 18 gune eszenikotan eta, guztira, 40 konpainiak parte hartu dute: 19 euskaldunak, 16 Estatukoak eta bost nazioartekoak.

Amaitu berri den Umore Azokaren XXII. edizioak ekimenaren onespena eta erakargarritasuna berretsi dute beste behin. Zehazki, barikutik domekara bitartean, maiatzaren 10tik 22ra, 27.000 pertsona baino gehiago hurbildu dira Leioan eskaini dituzten 90 emanaldiez gozatzeko. "Arrakasta izugarria izan da, eta horrek azken urte bietako gorabeheren ondoren Umore Azokaz gozatzeko gogoa zegoela erakusten du", azpimarratu du Iban Rodiguez Leioako alkateak.

Esan daiteke aurtengo Umore Azoka ezin hobea izan dela, hurbildu diren milaka ikusleek ikuskizun guztietako harmailak bete dituztelako; "antzerkizaleak eta publiko orokorra, familiak eta gazte-taldeak, adinekoak eta erdi mailako ikusleak bertaratu dira", azaldu dute antolatzaileek. Gainera, eguraldi onak eta inolako gorabeherarik ez izateak aurtengo jarduera guztiak arazo gabe egin ahal izatea laga diela eskertu dute arduradunek.

Bestalde, Umore Azokagaz batera antolatzen duten profesionalentzako merkatuak hurrengo hilabete eta urteetarako programazioa osatzen lagundu diela azaldu dute antolatzaileek, aurreko egunetan Leioan egon diren konpainien eta Euskadiko, Estatuko eta nazioarteko profesional ugarien artean hainbat kontratazio-proposamen itxi baitituzte.

Ohikoa den bezala, Umore Azokak bere sariak ere banatu ditu aurten, eta Orain Bi, Euskal ikuskizunik onena Mute lanagatik, eta Truca Circus (Andaluzia) munduko ikuskizunik onena Sopla! obragatik, saritu dituzte. Gainera, Aipamen Berezia egin dio epai-mahaiak Maitane Sarralderi, Desªnuda dantza-lanagatik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun