Diputatuak agerraldia egin zuen Bizkaiko Batzar Nagusietako Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Batzordean, Bizkaiko PPk eskatuta, Aldundiak Avanzada estaltzeko diseinatu duen proiektuaren berri emateko. EAJko foru diputatuak azaldu zuen proposamena beste aukera batzuk baztertu ondoren planteatu zutela, hala nola ahoan azalera handiagoa estaltzea Bilborako bidean.
Gainera, egitasmoa bizilagunakaz eta Udalagaz kontrastatu zutela ere azpimarratu zuen, eta, gaur gaurkoz, trafikoari eragin gabe egin daitekeen erantzun "errealista eta bideragarriena" dela azpimarratu zuen. Azaroan aurkeztu zuten proiektua informazio-fasean dago oraindino, eta urte bukaeran lizitatzea aurreikusi dute 62,5 milioi euro inguruko aurrekontuagaz. Bestalde, "onartutako alegazioak kontutan hartuta", Pradalesek adierazi zuen proiektuak aldaketa batzuk jasan ditzakeela, baina estaltzearen luzera aldatzea erabat baztertu zuen.
Era berean, diputatuak azpimarratu zuen aukeratutako konponbideak kutsadura akustikoa murriztuko duela, eta, horren bitartez, Leioako bizilagunentzako oinezkoentzako eremu publiko handi bat sortuko dela. Gainera, proiektuak bide-segurtasuna areagotuko du, eta, gauzatzen den bitartean, Leioa egunero zeharkatzen duten 115.000 ibilgailuen mugikortasuna bermatuko dute.
Aldundiaren arabera, gaur egun, 2.900 leioaztarrek sufritzen dituzte 55 dezibelio baino gehiagoko zaratak gauez. Diputatuaren arabera, pertsona horien % 82ri positiboki eragingo die proiektuak, zaratak aipatutako muga horretatik behera utziz. Izan ere, diputatuak nabarmendu duenez, "obra erraldoia da, kaltetuenen bizi-kalitatea hobetzeari begira". Hala ere, onartu du ez dela konponbide oso bat, izan ere, beste 500 bizilagun geratuko dira zarata-maila berdina jasaten.